Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mamet, David

Estatu Batuetako antzerki idazle, zuzendari eta gidoigilea (Chicago, Illinois, 1947). Gaztetan familia arazoak izan zituen eta adituen ustez garai hartako gertaera lazgarriek eraginda hartu zuen bere obretako gai nagusitzat gizakiaren alienazioa. Vermonteko Goddard Collegen lizentziatu zen, eta 1971-1973 urteen artean bertako antzerki irakasle izan zen. Lotura estua izan zuen Chicagon sorturiko antzerki mugimenduarekin. Bere lanetan Estatu Batuetako kulturako mitoen (arrakasta ekonomikoa, maitasuna, familia) biktima bihurturiko pertsonaiak dira protagonista, baina, gertaeren eta pertsonaien gainetik, arreta berezia eskaintzen dio Mametek hizkuntzari, elkarrizketari; sintaxi bikaina sortu zuen, erritmo biziko elkarrizketa lagunartekoa erabiliz eta gogoetak txertatuz. 1975 inguruan lortu zuen ospea Duck Variations eta Sexual Perversity in Chicago antzerki laburrekin (1975) eta, batez ere, 1977an Broadwayn antzeztu zen American Buffalo amerikar kapitalismoak sustatzen dituen balioen hutsaltasuna nabarmentzen dituen obrarekin; azken lan horrekin harridura sortu zuen bere estetika ilun, hizkera garratz eta elkarrizketa gordinengatik. 1983an Glengarry Glen Ross estreinatu zuen Londresko Antzoki Nazionalean. Aipagarriak ditu, orobat, Bizitza bat antzerkian (1977), Speed-the-Plow (1988), Oleanna (1993) eta Kriptograma (1995), azken hau 1990eko hamarraldiko lan gehienak bezala, kutsu autobiografikokoa. Gidoigile eta zuzendari gisa lan egin du Hollywooden, eta bere lanak zinemarako egokitu ditu; azpimarratzekoak dira The Verdict (1982), The Untouchables (1987), American Buffalo (1996), Glengarry Glen Ross (1992) gidoiak eta egokitzapenak eta House of Games (1987), Things Change (1988), Homicide (1991), The Spanish Prisoner (1997) filmak.