Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maldonado, Estuardo

Ekuadortar pintore eta eskultorea (Pintag, Pichincha probintzian, 1930). Konstruktibismo higikundeko kidea da. Guayaquil-eko Arte Ederretako Eskolan ikasi ondoren, Erromara joan zen beka bati esker, eta han osatu zituen bere ikasketak. Europan Klee marrazkilariaren lana ezagutu izan zuen; soiltasunak duen ahalmena eta zeinuen aukerak erakutsi zizkion hark. 1970eko hamarraldian bere estiloa indartzen hasi zen, eta oinarrizko zeinuaren bilaketaren bidez S zeinura iritsi zen. Garai horretakoak dira Zezena eta kondorra eta Zezenak lanak. Hainbat erakusketatan parte hartu du, batez ere Europan, eta munduko galeria garrantzitsuenetan erakutsi ditu bere lanak. Horien artean aipatzekoak dira eraikin publikoetan egindako horma irudiak, Erroma, Rio de Janeiro, Paris, Bolonia, Caracas, Quito eta Guayaquil-en. Sari ugari jaso ditu, besteak beste, Erromako Arte Elkarteko Nazioarteko saria (1961), Arte Sakratuko Bi Urteko lehenengo saria. Hainbat lan egin du altzairu koloreztatuarekin.