Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Makavejev, Dusan

Jugoslaviar zinema zuzendaria (Belgrad, 1932). Belgradeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta 1955. urtean bertan graduatu zen. Belgraden egin zituen, orobat, zuzendaritzako ikasketak, Antzerki, Irrati, Zinema eta Telebistako Akademian. 1955-1958 bitartean Kino-Club film esperimentala egin zuen, eta ondoren Zagreb Films eta Avala Films etxeentzat lan egin zuen. 1964. urtea arte film laburrak eta dokumentalak egin zituen nagusiki, eta geroago hasi zen film luzeak egiten. 1960ko hamarraldian novi film (zinemagintza berria) higikundeko kidea izan zen, eta 1974az gero Estatu Batuetan lan egin du gehienbat. Bere zinemagintzaren ezaugarri nabarmenenak sarkasmoa, probokazioa eta pesimismoa dira; kontakizun moldeekin saioak egin zituen, eta gaiei dagokienez, gizarte egituraren eta sexu bizitzaren arteko lotura aztertu zuen. Aipagarriak ditu Gizona ez da txoria (1966), Maitasun istorioa (1967, Telefonistaren tragedia ere deitua), WR--Organismoaren misterioak (1971), Sweet Movie (1974), Montenegro (1981), The Coca-Cola Kid (1985), Manifesto (1989).