Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mak, Tak

Txinatar biologoa, Kanadan jaioa (Toronto, 1946). Hamabi urte zituela Hong-Kongera aldatu zen familiarekin batera; aita negozio gizona zuen eta familia nahiko aberatsa zen. Wisconsingo Unibertsitatean eta Albertako Unibertsitatean egin zituen ikasketak; Albertan eskuratu zuen doktoregoa. 1970eko hamarraldian ikerketak egiten hasi zen Ontarioko Minbiziaren Institutuan, eta gaur egun Torontoko Unibertsitateko Immunologia katedraduna da, eta Torontoko Amgen Ikerketa Institutuko zuzendaria, besteak beste. Immunologiaren eta biologia molekularraren alorretan egin ditu lan aipagarrienak. Azken hamarraldian, eta ingeniaritza genetikoko teknikak erabiliz, Tak Makek eta bere ikerketa taldeak aurrerapen handiak egin dituzte gizakiaren immunologia sistemaren egitura eta funtzioak argitze aldera. Makek gizakiaren immunologia sistemako zelulen eta molekulen egitura eta funtzioak ikertu ditu, esan bezala, eta gorputzak eritasunaren aurrean nola jokatzen duen aztertu du. Gizakiaren immunitate sistemak behar bezala funtzionatzen ez duenean eritasun auto-immune batzuk sendatzeko modua ere ikertu du, adibidez diabetesa, esklerosi anizkuna, etab. 1983. urtean T-zelula hartzailearen genea aurkitu zuen, eta garrantzi handiko urratsa egin zuen horrela gizakiaren immunologia sistemaren alorrean.