Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mahabharata

(Eusk. “Bharata Dinastiaren Egitandia”). Sanskritoz idatzitako Indiako epopeia (K.o. II. eta III. mendeen artean idatzia). 18 liburuk osatzen dute, 200.000 bertso baino gehiago dira guztira, eta, ondorioz, mundu osoko literaturan dagoen olerki luzeena da. Betidanik egile bakar batena dela esan ohi da (Vyasak idatzia, tradizioaren arabera), baina, zalantzarik gabe, zuzenketa eta eransketa asko izan ditu denboran zehar. Ikerle batzuen arabera olerkari belaunaldi bat baino gehiagok idatzia da.  v  Elezaharrek zein material filosofiko-moralek osatzen dute Mahabharata. Bi klanen arteko borroken inguruan egituratua dago; kontaketaren muina, beraz, Bharata-ren dinastiako kaurava eta pandava klanen arteko gerra da, Hastinapura-ko erregetza eskuratu nahi baitzuten biek. Ehun ziren Kaurava anaiordeak eta bost Pandava anaiak (Yudhisthira, Bhima, Arjuna, Nakula eta Sahadeva); aginpidea beretzeko eskubide berdintsua izanik ere, lehenengoen egite gaitzesgarriengatik, justizia Pandava anaien alde jarri zen. Hala, Krisnaren laguntzarekin, pandavatarrak etsaiei nagusitu zitzaizkien eta Kaurava guztiak hil zituzten, gerra izugarri batean. Egite hauen kontakizunak poema osoaren bosten bat hartzen du eta gainerakoa hari horri itsasi zaizkion bestelako kontakizunek eta etikaz, mistikaz, filosofiaz eta legediaz diharduten idatziek osatua da (Bhagavad-gita erlijiozko poema ezaguna besteren artean). Mahabharatak Indiako tradizioan eta kulturan eragin handia izan du. Hala, Mahabharatako gaiak testu epiko berriagoetan agertzen dira behin eta berriro eta, oro har, Indiako literatura osoa haren aipamenez beterik dago; zinemak ere landu izan du. Bestalde, Indiako tenplu askotako behe-erliebeek Pandava anaien egitandiak erakusten dituzte zerrenda luze amaigabeetan.