Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lutero, Martin

(Al. Martin Luther). Alemaniar erlijio erreformatzailea (Eisleben, Saxonia, 1483 - Eisleben, Saxonia, 1546). Apaiz, biblia irakasle eta hizkuntzalaria zen. Elizaren gehiegikerien aurka idatzi zituen Laurogeita Hamabost Tesiek guztiz bizkortu zuten erreforma protestantearen etorrera. Meatzari baten semea zen; aitak Erfurt-eko unibertsitatera bidali zuen legegizon izan zedin. 1506an agustindarren ordenan sartu zen eta hurrengo urtean apaiz egin zuten. 1508-1546 urteetan Wittenberg-eko unibertsitateko irakasle izan zen eta 1512an doktore titulua hartu zuen. Biblia irakasle gisa ezagun egin zen, eta Bibliari buruz eskolan egiten zituen iruzkinen bitartez gorpuztu zen dotrina protestantea. Hasierako urteetan Elizaren dotrina ofizialetik kanpo ezartzen zuten zalantza handiak sortu zitzaizkion; 1514an Wittenberg-eko parrokian predikari hastea deliberatu zuen, eta urtebetean berealdiko ospea jaso zuen herri xehearen artean, Idatzi Santuen gainean egiten zituen azalpenak zirela eta. 1515ean epistolei buruzko iruzkinak idazten hasi zen. 1517an indulgentzien salmenta bereziki salatzen zuten Laurogeita Hamabost Tesiak idatzi eta Wittenberg-eko eliz-atarian iragarri zituen. Ekintza honen ondotik abiatu zen Erreforma prozesua. Johan Eck teologoaren eta Tommaso de Vio Caietano domingotarren buruaren erasoek ez zuten atzerarazi eta 1520an An den christlichen Adel deutscher Nation (Germaniar nazioko aitonen seme kristauentzako agiria) agiria, De captivitate Babylonica ecclesiae prćludium (Eliza Babilonian gatibu) latinez idatziriko tratatua eta Von der Freiheit eines Christenmenschen (Kristau gizonen askatasunari buruz) liburua idatzi zituen. Hirugarren liburu horretan azaldu zuen Luterok Biblia dela autoritate gisa har daitekeen Idatzi Santu bakarra eta fedea dela kristau erlijioaren oinarri nagusia. Ondoren Exsurge Domine bulda jendaurrean erre zuen; Worms-ko dietak, eskumikaturik, inperiotik erbestera egotzi zuen (1521). Frederiko Saxoniakoak Watburg-eko gazteluan jaso zuen eta egonaldi horretan Biblia alemanera itzuli zuen. Wittenberg-era jo zuen berriro eta, erreformaren hasieran berekin batean jardun zuen Thomas Münzer-en aurka jo zuen (Wider die himmlischen Propheten, Zeruko profeten aurka), eta printzeen alde jarri zen laborarien matxinadan (1524-1525); hala ere printzeen sarraskiak salatu zituen. 1525ean Katharina von Bora moja-ohiarekin ezkondu zen eta Erasmoren kontra jo zuen De servo arbitrio liburuan. Ondoren eliza luterotarra antolatzen hasi zen; kultuaren nondik-norakoak zehaztu, kantuak prestatu eta Katixima Handia (1529, Grosser Katechismus) eta Katixima Txikia (1529, Kleiner Katechismus) idatzi zituen. Erreforma zabalduz joan zen neurrian, nabarmendu ziren Lutero, Zwinglio eta Ecolanpadioren arteko aldeak, jaunartzearen inguruan bereziki. 1530ean Augsburgoko Aitorpena argitaratu zuen, luteranismoaren dotrina testu nagusienetako bat, eta 1531n printze protestanteen Schmakaldar Ligarako artikuluak idatzi zituen.