Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Little Richard

Estatubatuar musikaria (Georgia, 1935). Rock-and-roll-aren hasierako urteetako izar distiratsuenetako bat izan zen. Gazterik hasi zen jendaurrean kantatzen. 1951n atera zuen lehen disko bakuna, Every Hour. Pianista aparta da, eta garai batean Raymond Taylor organistarekin ibili zen diskoak grabatzen, The Tempo Toppers izenarekin. Baina arrakastarik handiena 1955ean lortu zuen, Tutti Frutti maketarekin. Little Richarden abestien bertsio ugari egin dituzte artista askok, eta Prince bezalako kantarientzat oinarrizkoa izan da. 1958an, itzuli luze eta arrakastatsu baten ondoren, rock-and-rolla utzi zuen, eta erlijioari lotu zitzaion. Ordutik aurrera, predikari gisa ibili da, baina musikaren mundura tarteka itzuliz gospel musikako diskoak grabatzeko. 1962an The King of Gospel Singers grabatu zuen Quincy Jonesen laguntzarekin. 1970eko hamarkadan diskogintza eta erlijio aldarria uztartu zituen. 1986an Lifetime Friend diskoa grabatu zuen. Harrezkero, erlijioari ia erabat emana bizi da.