Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Leintz-Gatzaga

Gipuzkoako udalerria (Debagorena eskualdea). 1997ko datuen arabera, 253 biztanle ditu (gatzagarrak). Hizkuntza banaketa 1996an: 193 euskaldun, 30 ia euskaldun eta 23 erdaldun. Udalerriaren hego-mendebaletik Deba ibaia igarotzen da. Ekonomia jarduera nagusia nekazaritza (bazkarako landareak, lekadunak, artoa, barazkiak, patata, ardi eta behi azienda) bada ere, langile askok Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako industrietan egiten du lan. Aipagarri dira X. mendeko jatorria duen Dorletako Ama Birjinaren ermita eta zenbait jauretxe eta oinetxe (Kontino, Bedoia, Zumarraga, Astaburuaga, Uriarte, Castillo, Urune). 2000. urtean Gatzaren Ekomuseoa inauguratu zuten bertan, herriaren ohiko jarduna berreskuratzeko asmoz. v  Historia. Leintz-Gatzagako hiribilduaren jatorria historiaurrean kokatu behar da, inguruetan monumentu megalitikoak atzeman baitira. 1087. urtekoa da, aldiz, lehen aipamen idatzia. 1331. urtean hiri gutuna jaso zuen Alfontso XI.a Gaztela eta Leongo erregearen eskutik eta Gasteizko (Logroñoko) foruak hartu zituen. Hiri gutuna jasotakoan Leintz-Gatzagako biztanleek herria gotortu zuten eta bertara bildu ziren han eta hemen barreiaturik bizi ziren gatzagarrak. Leintz ibarreko herria izan zen 1331. urtean bereizi zen arte. 1371. urteko suteak erabat suntsitu zituen herriko etxe gehienak, artxiboa barne. 1457-1492 bitartean Gasteizko hermandadeko kide izan zen. Borroka latzak gertatu ziren karlisten eta liberalen artean herri inguruetan (Arlabango gudua, etab.).