Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Leibniz, Gottfried Wilhelm

Alemaniar filosofoa, matematikaria, fisikaria eta teologoa (Leipzig, 1646 - Hannover, 1716). XVII. mendeko alemaniar filosofo ospetsuenetakoa izan zen, eta mundu osoan inoiz izan den pentsalaririk handienetakoa. Leipzig, Jena eta Altdorf-eko unibertsitateetan egin zituen ikasketak. Mainz-eko Hauteslearen zerbitzari sartu zen, eta Parisen eta Londresen diplomazia lanak egin zituen. Bidaia horietan Newton, Boyle eta beste zientzialari eta pentsalari batzuk ezagutu zituen, eta Hagan, Spinoza. Geroago Parisen bizi izan zen 1676. urtea arte. Ondoren Alemaniara itzuli eta Hannover-eko dukearen gorteko liburuzain izendatu zuten. 1682. urtean Acta Eruditorum -ak sortu zituen, eta 1700. urtean Berlingo Zientzia Elkarteko lehendakari izan zen. Metafisikan eta logikan oinarritu zuen filosofia, eta kalkulu diferentziala asmatu zuen (Newton-ek ere bere aldetik asmatua zuen, baina geroago eman ziren argitara emaitzak).  v  Zenbait ideia nagusi biltzen dira Leibniz-en filosofian, besteak beste: harmonia, jarraitasuna eta unibertsalitatea. Dena den, Leibniz-en dotrinan bost oinarri dira funtsezkoenak: 1) dena da jarraitua; 2) beti dago edozein izate edo gertaera azaltzeko adina arrazoi; 3) monada gaiez (norbanakotasun metafisikoez edo arimez) osatua da dena; 4) sustantzien komunikazioa eta, oro har, monaden arteko erlazioa aurrez ezarritako harmoniaren hatsapenak agintzen du; 5) adimena borondatearen edo sentimenduaren gainetik nagusitzen da; 6) mundu honetan gaizkia badago ere, izan daitekeen mundurik onena da hau. Ez zuen bere pentsaeraren adierazpen sistematikorik utzi, bai ordea eskutitz, saiaera, memorandun eta idatzi ugari. Lan aipagarriak ditu, besteak beste: Metafisikaren diskurtsoa (1686); Izadiaren sistema berria (1695); Izpiritu unibertsal baten dotrinari buruzko gogoetak (1697); Jainkoaren ontasunaren, gizakiaren askatasunaren eta gaizkiaren jatorriaren gaineko teodizea saioak (1710); Monadologia (1714 inguruan); Arrazoian oinarrituriko izadiaren eta graziaren hastapenak  (1719).