Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lehn, Jean-Marie

Frantses kimikaria (Rosheim, Bas-Rhin, 1939). Lehn-ek tesia 1963an aurkeztu zuen Gif-sur-Yvette-ko gai naturalen kimikako laborategian. Triterpinoak (hidrokarburo asegabe oso hedatuak) aztertu zituen erresonantzia magnetiko nuklearraren bidez. Ondoren Harvard-era joan zen, Robert Burns Woodward irakaslearen taldean lan egitera, eta han B12 bitaminaren sintesian lan egin zuen. 1966. urtetik aurrera Estrasburgoko Unibertsitatean aritu zen irakasle. Lehnek aztertu ditu, batez ere, zenbait molekularen osaera (espazioan har ditzaketen forma desberdinak) eta osaera batetik bestera igarotzeko lastertasuna. Neurokimikaren alorrean, molekula zikliko konplexuak sintetizatu zituen. 1978an kimika supramolekularraren kontzeptua sortu zuen. 1979an Frantziako Collègeko irakasle izendatu zuten. Kimikako Nobel saria jaso zuen 1987an Donald James Cram eta Charles John Pedersen-ekin batera.