Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lee, Christopher

Britainiar zinema antzezlea (Londres, 1922). Terence Youngen Hitzordu bitxia (1948) filmean debutatu, eta hurrengo urteetan, John Hustonen Moulin Rouge (1952) eta Michael Powell eta Emeric Pressburgerren La Plata ibaiko gudaldia (1956) filmetan parte hartu zuen. 1958an Bram Stokerren Drakula eleberrian oinarritutako filmeko protagonista izan zen, eta berehala bihurtu zen ospetsu beldurrezko zinemaren alorrean. Drakula bezala, Hammer estudioetan filmatu zituen: Frankensteinen madarikazioa (1957), Baskerville-ko zakurra (1959), Momia (1959), hirurak Terence Fisherrenak, eta Rasputin (1957), Don Sharpena. Beste film garrantzitsuetako protagonista ere izan da: Billy Wilderrek zuzendutako The private life of Sherlock Holmes (1970); Urrezko pistola zuen gizona (1974), James Bonden sailaren barruan; eta Gremlins 2. Belaunaldi berria (1990). Sarritan lan egin du Estatu Batuetako eta Europako telebistetan, batez ere telesail txikietan, Sherlock Holmesen papera eginez.