Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

LC (Library of Congress), dokumentu sailkapena

Bibliotekonomian sailkapenak egiteko metodoa, liburu eta beste dokumentu material batzuk katalogatzeko baliagarria. Washingtongo Kongresuko Liburutegiko zuzendaritzak sortu zuen, eta hortik datorkio izena. Sailkapen sistema horretan, jakintzako gai guztiak 21 taldetan daude banatuta, eta talde bakoitza letra larri batez adierazten da. Talde bakoitzaren barruan, alderdi orokorrenetatik espezifikoenetara dago antolaturik materiala, eta teoriatik erabilpen praktikoetara. Gai espezifikoak letra larrien konbinazioz adierazten dira, eta gai espezifiko horien baitako gai zehatzagoak hiru zenbakiren bidez. Sailkapen eskema hori etengabe berraztertzen da. Deweyren sailkapen hamartarraren sistemak ez bezala, LC sistemak zenbaki zerrenda luzerik gabe adierazten ditu gai baten alderdi espezifikoak.  v  (arte ederrak) letraren barruan adibidez, NA arkitekturari dagokio, NB eskulturari, ND pinturari, NK dekorazioari… ND813 espainiar pinturari buruzko liburuak adierazteko erabiltzen da, eta ND813Gt ikurra, berriz, Francisco de Goya y Lucientes margolariaren liburu espezifikoa adierazteko. Sistem honen malgutasunari esker, bildumetarako, liburutegi espezializatuetarako, eta oro har liburutegi handietarako oso egokia da.