Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Las Casas, Bartolome de

Espainiar elizgizona eta misiolaria (Sevilla, 1474 - Madril, 1566). Antilletako eta Ameriketako indiarren alde agertu zen eta bereziki borrokatu zen encomienda (espainiarrek indiarrak esklabo edukitzen zituzten etxalde handiak) sistemaren aurka. Bartolome de Las Casas-en ahaleginei esker, lege berriak eman zituzten errege espainiarrek Ameriketako kolonizazioari begira (1542). 1544an aukeratu zuten Las Casas apezpiku Mexikoko Chiapasen, baina Espainiara itzuli behar izan zuen hiru urte geroago, Ameriketako espainiarren erasoen beldur. Espainiarren Amerikaren kolonizazioko lehen urteak sakonean ezagutzeko datu guztiz baliotsuak eman zituen Las Casasek bere Brevísima Relación de la Destrucción de las Indias (1542, Indietako suntsipenaren kondaira laburra) eta Historia de las Indias (1875ean lehenengoz argitara emana, Indietako Historia). Espainiarrek Ameriketako konkistan eginiko triskantzak salatu zituen Las Casasek bere obran.