Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Larsson, Lars-Erik

Suediar musikagilea (Akarp, 1908 - 1986). Stockholmeko kontserbatorioan egin zituen ikasketak, eta ondoren Vienan, A. Berg-ekin, eta Leipzig-en. Stockholmeko kontserbatorioko irakasle izan zen 1947-1960 urte bitartean. Hasierako lanek erromantizismo kutsua dute, lirismoz beteak baitira. 1930-35. urteetan idatzitako lanek, berriz, Sinfonietta-k eta Divertimento-ak kasu, estilo guztiz modernista dute. Baina hurrengo lanetan berriz ere erromantizismora jo zuen, Pastoralsvit eta Forklaad gud lanetan, adibidez. Azken lanetan bi joeren sintesia erakutsi zuen. Biolinerako Kontzertua eta Missa brevis dira azken aldi horren adierazgarri. Opera idatzi zuen, musika intzidentala antzerki lanetarako, hiru sinfonia eta beste orkestra lan batzuk; ganbera musika, pianorako kantuak, hamabi kontzertino eta korurako lanak. Larsson  bere belaunaldiko musikagilerik ospetsuenetako bat izan zen.