Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Larrimbe, Iñaki

Arabar artista (Gasteiz, 1967). Arte ederretan lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean. Pintura, eskultura eta argazkigintza landu ditu, eta hainbat fanzine eta komikitan zein bideogintzan ere aritua da. 1988an lehen saria eskuratu zuen Euskadiko Arte Plastikoen lehiaketan, eskultura sailean. Orduz geroztik, landu dituen diziplina artistiko gehienetan eskuratu du sari eta aipamenik. 1999an, esaterako, Bartzelonako Udalak eskaintzen duen Can Basté argazkigintza beka eskuratu zuen bere lana garatzeko. Erakusketei dagokienez, 1995ean egin zuen aurreneko bakarkakoa Leonen, eta taldekako askotan ere egon da bere lana ikusgai, arte plastikoen zein bideogintzaren inguruko erakusketetan. Azken urteotan Los Diminutos serieko argazki lanak erakutsi ditu. Eguneroko tresna arrunten gainean agertzen diren pertsonak osatzen dituzte bilduma honetako argazkiak, izakiaren eta gaurko munduaren arteko harremana islatzen dutenak. Bilduma horretako argazki bati esker hautatu zuten 2000. urtean Gure Artea erakusketarako.