Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Laporte, Roger

Frantses idazlea (Lyon, 1925). Urte askoan filosofiako irakasle izan da Montpelliereko institutu batean. Lau aldi bereizten dira Laporteren idazle bizitzan. Lehenengo aldia hiru liburu hauek osatzen dute: La Veille (1963, Bezpera), Une voix de fin silence (1966, Isiltasun fineko ahots bat), Pourquoi? (1967, Zergatik?). Lan horietan nabarmena da Maurice Blanchoten eta Emmanuel Lévinasen eragina, batez ere, ezezaguna eta arrotza denaren gogoetari dagokionez. Lan horietan Laportek bere gogoeta eta pentsamenduaren atal bat idazten duela adierazten du. Bigarren aldiko lanak biografikoak dira: Fugue (1970, Fuga), Supplément (1973, Osagarria), Fugue 3 (1976, Fuga 3). Hirugarren aldiko bi lan nagusiak, berriz, hauek dira: Suite (1979) eta Moriendo (1983). Laporteren lanak Une vie (Bizitza bat) lanean bildu ziren 1986an. Seiehun orrialde horietan zehar argi ikusten da Laportek betidanik egin duen ahalegina idazketa bide berri bat aurkitzeko, filosofia eta literaturaren artekoa, zeinetan idazketa eta bizitza nahastu egiten diren. Laugarren aldian, azkenik, hainbat testu kritiko idatzi zituen, Mozart, Kafka, Proust, Van Gogh, eta beste hainbat pertsonaiaren ingurukoak. Lan horiek Quinze Variations sur un thème autobiographique (1975, Hamabost bariazio gai autobiografiko bati buruz) eta Études (1992, Ikerketak) liburuetan bildu zituen.