Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

langileria

iz. Langileen multzoa; langileak, klasetzat hartuta.  v  Marxismoaren eta sozialismoaren teorikoen arabera industriako langileria gizartea aldatzeko eginkizuna duen gizarte klasea da. Langileria, berez, diru iturri bakartzat lana duten industria langileek osatzen dute, eta zentzu zabalagoan, lanaren truke soldata irabazten duten guztiek.  v  Langileriaren jatorria Erdi Aroko eta Aro Modernoaren hasierako eskulangintzan dago, eta handik aurrera industria garatu ahala sendotu zen. Industria iraultzaz geroztik bi gizarte maila bereizi ziren, handik aurrera gizartearen bilakaeran gero eta protagonismo handiagoa izango zutenak: burgesia (ekoizpen baliabideen jabeek osatua) eta langileria (industriako lan indarra). Hasieran bi taldeek batera ekin zioten Erdi Aroko feudalismotik zetorren aristokraziaren aurka, baina XIX. mendean zehar Europako herri askotan sistema liberalak ezarri zirenean burgesiaren eta langileriaren arteko tirabirak nabarmenak izan ziren. Langileen erakundeek eta teoriagile sozialistek langileriaren interesen alde ekin zioten, gizartea aldatzea eta ekonomia desberdintasunak desagerraraztea zutelarik helburu. Langileria Karl Marx-en dotrina sozialistaren ardatza izan zen; hark langileriaren iraultza proposatu zuen, kapitalisten eta langileen arteko borroka medio, langileriak aginpidea eskuratu eta klaserik gabeko gizarte berri bat lortzeko.