Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lange, Jessica

Estatubatuar zinema antzezlea (Cloquet, Minnesota, 1949). J. Guillerminek zuzenduriko King Kong filmaren bigarren bertsioan debutatu zuen zinemaren munduan; lehen filmeko Fay Wray mitikoaren papera errepikatu eta pantailako idolo bihurtu zen. Bazirudien hasieran emakume ederraren paperak bakarrik antzeztu behar zituela, baina gaitasun handiko antzezle honek emakume fotogenikoa baino zerbait gehiago zela frogatu zuen The postman rings always twice (1981, Postariak bi aldiz deitzen du beti) filmean. 1982an bigarren mailako antzezle onenaren Oscarra eman zioten Tootsie filmean egindako antzezpenagatik, eta urte berean emakume antzezle onenaren Oscarra lortzeko zorian egon zen Frances filmarengatik. Bigarren Oscarra Inoiz hiltzen ez diren gauzak (1994) filmeko lanagatik irabazi zuen. Langek antzeztutako beste film batzuk: All that jazz (1979); berak ekoitzi eta Sam Shepardekin batera antzeztutako Country (1984); Amets gozoak (1985); Bihotzaren krimenak (1986); Shepardek zuzenduriko Iparralde urruna (1988); Gaua eta hiria (1992) eta Rob Roy (1995), beste zenbaiten artean.