Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lang, Fritz

Zinemagile alemaniarra (Viena, 1890 - Los Angeles, 1976). Lehen Mundu Gerran zauritua, erietxean hasi zen gidoiak idazten. Zientza fikzioa landu zuen (1926, Metropolis), eta tradizioa, Die Nibelungen (1924, Nibelungoak) lanean bereziki. Gai poliziako-fantastikoen zale, Mabuse doktorea sortu zuen. Das Testament des Dr. Mabuse (1933, Mabuse Doktorearen Testamentua) debekatu egin zuen gobernu naziak. Goebbels, III. Reich-eko Propaganda ministroak elkarrizketa batera gonbidatu zuen debekuaren arrazoiak azaltzeko, eta bertan Alemaniako zinemagintzaren buruzagitza eskaini zion Langi. Zinemagileak baiezkoa eman zuen, eta gau horretan bertan, ihes egin zuen Alemaniatik. Handik berehala naziak haren ondasunez jabetu ziren, eta persona non grata egin zuten. Paristik Estatu Batuetara joan zen. Langen espresionismo gogorrak ez zuen aurkitu lekurik generoak eta moldeak zehaztuak zeuden industria hartan. Egin zituen filmetatik, Fury (1936, Amorrua),  Man Hunt (1941, Gizon Harrapatua) eta Hangmen also Die (1943, Borreroak ere hiltzen dira), azken hau Bertolt Brecht-ekin batera idatziriko istorioa, abertzale txekiarrek Pragan antolaturiko ekintza bati buruzkoa, ditu berezkoenak. Haren espresionismoak, ordea, ondorio artistiko onak eman zituen polizia filmetan, Beyond a Reasonable Doubt (1956, Zalantza zuhur bat) lanean bezala. Mc Carthy senatariak antolaturiko sorgin-ehiza latzaren giro itogarriari ihes eginik, Alemaniara itzuli zen berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran eta gero Los Angelesera. Bertan Der Tiger von Eschnapur - Das Indische Grabmal (1959, Esnapur-ko Tigrea eta Indiako Hilobia) zoragarria egin zuen lehenik, eta gero zinema mutuko bere pertsonaia ospetsua berpiztu zuen Die Tausend Augen der Dr. Mabuse (1960, Mabuse Doktorearen mila begiak) filmarekin.