Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lamarckeko Zalduna

(Jean-Baptiste de Monet izenez ere ezaguna). Frantses naturalista (Bazentin, Pikardia, 1744 - Paris, 1829). Hasieran botanikaz arduratu zen eta 1778an La Flore française (Frantziako landaredia) izeneko obra eman zuen argitara. 1793an animalia ornogabeei buruzko katedra eman zioten eta ondoko urteetan zoologia tratatu batzuk idatzi zituen: Système des animaux sans vertèbres (1801, Animalia ornogabeen sistema), Recherches sur l’organisme des espèces (1802, Animalia mota desberdinen organismoei buruzko ikerketak), Philosophie zoologique (1809, Zoologiaren filosofia) eta Histoire naturelle des animaux sans vertèbres (1815-1822, Animalia ornogabeen natura historia). Lamarckek izaki bizidunen bilakaerari buruzko lehen teoria positiboa aurkeztu zuen; haren iritzian, munduan izan ziren lehen izaki bizidunetatik, infusorioetatik alegia, gero eta forma konplexuagoak sortu dira. Bi kausa nagusik eragin dute, Lamarcken ustetan, animalien bilakaera: gai biziak etengabe hobetzeko duen joera eta kanpo baldintzen eragina. Lamarcken arabera bilakaera prozesuan hartutako ezaugarriak herentziaz igarotzen dira izaki batetik bestera, baina ez zuen horrelakorik frogatu ahal izan. Lamarcken teoriak (lamarkismoak) etsai ugari izanagatik eragin handia izan zuen, hala ere, Darwinengan.