Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lacalle Herrera, Luis Alberto

Uruguaitar politikaria (Montevideo, 1941). Zuzenbidean lizentziaduna. 17 urterekin hasi zen politikagintzan, garai hartan oposizioko alderdi nagusia zen Alderdi Nazional edo Zurian. 1961ean kazetari lanetan hasi zen jadanik desagerturik dagoen Montevideoko Clarín egunkarian, eta saiakera eta artikulu ugari idatzi ditu Uruguaiko eta Iberoamerikako arazo politiko eta ekonomikoei buruz; besteak beste, bere aitona Luis Alberto de Herreraren omenezko Herrera, un nacionalista oriental liburua. 1971n diputatu aukeratu zuten eta 1984an, diktaduraren ondoren, senatari. Hiru urte geroago Senatuko presidenteorde izendatu zuten, eta 1989ko hauteskundeak irabazi ostean Uruguaiko presidente izan zen 1990-1994 bitartean. Lacallek hitzarmen bat lortu zuen orduan Alderdi Gorrikoekin eta Uruguaiko historian lehen aldiz koalizio gobernua osatu ahal izan zuen.