Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Labéguerie Iratzet, Michel

Lapurtar politikaria eta kantu egilea (Uztaritze, 1921 - Okzitaniako Tolosa, 1980). Bordelen egin zituen medikuntzako ikasketak. Francoren garaian Hego Eukal Herriko erbesteratuei laguntza ematen zion talde bateko kide izan zen gaztetan eta Enbata higikundea sortu zuen 1959. urtean, beste lagun batzuekin batera. 1960. urtean Euskaltzaleen Biltzarra erakundeko lehendakari izendatu zuten eta urte berean diputatu aukeratu zuten CDS alderdi kristau-demokrataren eskutik, Enbatak bultzatu zuela. Abertzale zentrista zen, Euzko Alderdi Jeltzaletik hurbil zegoena, eta ez zuen begi onez hartu 1963. urtetik aurrera Enbatak hartu zuen joera erradikalagoa. Itsasuko Agiria sinatu zuen 1963. urtean, baina erakunde abertzaleetatik urrundu eta frantses erdialdeko zerrendetan aurkeztu zen hauteskundeetan, independente gisa. 1964an Pirinio Atlantikoak departamenduko kontseilari nagusi izendatu zuten eta 1969. eta 1974. urteetan senatari izan zen. 1965etik hil zen arte Kanboko alkatea izan zen. Ospe handia izan zuen Euskal Herri osoan, politikari ez baina kantagintzari esker, Euskal kantagintza modernoaren aitzindari nagusia izan baitzen. 1961ean oso ezagunak egin ziren abestiak, abertzaleak eta sentikorrak, plazaratu zituen bi diskotan (Gu gara Euskadiko, Gure Astoa Balaan, Bakearen uxoa, Zer duk nigarrez?, Haurtxo haurtxoa, Primaderako lilia, Nafarroa, oi Nafarroa), eta Labéguerieren urratsei jarraiki zitzaien ondoko urteetan Hego Euskal Herriko abeslari berriak. Erabili zituen politika moduak giro abertzaleetan guztiz eztabaidatu ziren arren, Ipar Euskal Herrian 1960-1980. urteetan izan zen politikari euskaltzale nagusia izan zen Labéguerie.