Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kultura

iz. Gogo ahalmenen lantzea; gogo ahalmenen garapena dakarten ezagutza eskuratuen multzoa. || Herri edo zibilizazio baten burulanaren emaitzen multzoa. || Gizarteetan, ikasten diren jokamoldeen multzoa.  v  Antropologian, gizatalde baten bizitzeko era da kultura, ikasketaren bidez (hizkuntzarena edo beste bitarteko sinbolikoena) eta bizikizunen bidez belaunaldi batek hurrengoari igorria. Antolamendu soziala, erlijioa, egitura, ekonomia antolamendua, eta kultura tresnak, hau da, lanabesak, armak, arropak dira kulturaren unibertsalak, gizatalde guztietan ageri diren ezaugarriak, alegia. Kultura ezaugarrien hedapenari (ohiturak, ideiak, jarrerak), taldeen arteko harreman zuzen nahiz zeharkakoen bidez, zabalkunde deritzo. Kultura bilakaeraren aldi orokorrak hauek dira: janari biltze nomada (Harri Aroa, Zaharra eta Bitartekoa); elikagaien ekoizpen finkoa (Harri Aro Berria), eta hirietako bizimodua, munduko zibilizazio handietakoa.  v  Kultura iraultza. Txinan, 1966-1969. urteetan, herritarren grina iraultzailea sendotzeko eta oinarrizko erakundeak berritzeko Mao Tse-Tung-ek abiatutako kanpaina. Gudarostearekin batera, Guardia Gorri deitu zirenek, kultura eta burokraziako elementu burgesei eraso zieten. Lin Piao eta Jiang Quing izan ziren Mao Tse-Tung-ekin batera higikunde honen buruzagiak; iraultza ordea bortxakeriaz amaitu zen, besteak beste Guardia Gorrien artean elkarren kontrako taldeak sortu zirelako; heriotzak ere izan ziren. Iraultzak Liu Shao-Ch’i-ren eta Alderdi Komunistako beste ofizial askoren eraistea ekarri zuen.