Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Krishna

2. (Sanskritoz Krxna). Mit. eta Erl. Indiako Brahma jainko nagusi eta ospetsuenetako bat. Hinduismoan Vishnu jainkoaren zortzigarren haragi hartzea (avatara). Batera heroi eta jainko den izaki gorenaren agerkunde hau Indiako erlijioaren irudi nagusia eta kuttunena da. Krishna Gaizkiari beti nagusitzen zaion jainko beti gazte eta irripartsua da.  v  Krishnaren ziklo mitologikoaren iturrien artean honako hauek nabarmentzen dira: Mahabharata, Harivamsa (K.o. V. mendea) eta zenbait Purana (historia sakratuak) hala nola Bhagavata-Purana (K.o. X. mendea inguru). Azken obra horretan Krishnaren haurtzaroa eta nerabezaroa kontatzen dira. Yadava klaneko Devaki guztiz ederraren semea zen; beronen anaia, Kamsa gaiztoa, Mathura-ko erregea zen (egungo Uttar Pradesh) eta Devaki-ren haur baten eskuz hil behar zuelako profeziari oharturik, arrebaren haur guztiak sortu ahala hiltzen zituen; Krishnaren patuaz kupiturik, Nanda behizainen buruzagiak bere alaba jaio berriaz ordezkatu zuen eta Yasoda emaztearekin batean Gokula-n hazi zuten. Gaztetan jadanik Krishnak bere jainkotasuna erakutsi zuen demonioak suntsituz eta mirari asko obratuz. Bertako behizainek gurtzen zuten eta emakumeak (gopi) harengana biltzen ziren flauta jotzen zuenean. Maitale guzti horien artean Radha zen haren kuttuna. Kamsa-k igorritako beste etsai askori nagusitu ondoren, bere anaia Balarama-rekin batean Mathura-ra itzuli ziren eta Kamsa hil zuten. Ez zen bertan finkatu eta mendebaleko kostaldera joanik, Dvaraka hiria sortu zuen. Han oparotasunez bizi izan zen; Rukmini printzesa lehen emaztetzat hartu zuen, beste milaka batzuekin batera, eta ehun eta laurogei mila seme-alaba izan zuen. Hala eta guztiz, garai hartan ere ez zen geldirik egon eta demonio askori jazarri zitzaien eta, Mahabharatan kontatzen denez, Pandava eta Kurava lehengusuen arteko gerran esku hartu zuen. Orobat, jainko goren gisa agertu zitzaion Arjunari eta karmaren askapenaren dotrina ekartzen du (Bhagavad Gita). Azkenik, gatazka odoltsua piztu zen Yadava klanaren baitan eta denak hil ziren, Balarama barne. Krishna oihanera zihoala, Jaras ehiztari zaharrak antilopea joko zuelakoan jainkoaren orpoa geziaz kolpatu zuen, min har zezakeen puntu bakarrean hain zuzen. Hala amaitu zen Krishnaren mundualdia.  v  Ehunka urteko Krishnarenganako jaiera kultu (bhakti) anitzek erlijiozko poesia, musika, pintura eta eskultura obra ugari eman du: gehienetan haur itxuran, gurina ebasten, dantzan edota flauta jotzen ari dela eta gopi maiteminduez inguratua. XVII. eta XVIII. mendeetako pinturan urdin ilunez irudikatua agertzen da (Krishna: “beltza” edo “hodeiaren iluna”). Jainkozko eta giza amodioaren arteko analogia Krisnaren gurtzaren garrantzizko ezaugarri bat da: Krishna gaztearen eta gopien arteko harremanak arimaren eta Jainkoaren arteko amodioaren sinbolo gisa interpretatzen baitira.