Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Koordinadora Abertzale Sozialista (KAS)

1975ean, Euskal Herriko ezker abertzaleko erakunde politiko eta sindikalak koordinatzeko sortu zen erakundea. 1976an KAS Alternatiba deiturikoa aurkeztu zuen Iruñean, ezker abertzalearen "gutxieneko programa politiko" gisa. Askatasun demokratikoak, aministia, langileriaren egoeraren hobekuntza, indar errepresiboen disoluzioa, Euskal Herriaren subiranotasunaren onespena, Euskal Herri osoan eragingo zuen behin-behineko Autonomia Estatutua eta horren baitan sortuko litzatekeen Euskadiko Gobernu behin-behinekoa aldarrikatzen zituen nagusiki lehenengo KAS Alternatibak. 1978an ETAk bere komunikatu batean egokitu zuen KAS Alternatiba, hasierako puntuak eguneratuz eta zabalduz. Hurrengo urteetan ezker abertzalearen egituratze prozesuaren ardatz nagusia bilakatu zen Alternatiba, eta KAS, mugimendu gisa, ezker abertzalearen egituran sendotu ahala joan zen aldatzen. 1995ean KAS alternatibaren berrikuspen sakonari ekin zion ezker abertzaleak Oldartzen prozesuarekin. 1998an erakunde gisa desegin zen KAS, eta EKIN erakundeak bideratu zuen 1999ko azaroaz geroztik ezker abertzalearen erakundeen arteko elkarlana.