Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kooning, Willem de

Estatubatuar margolaria, sortzez holandarra (Rotterdam, 1904 - Long Island, 1997). Estilo espresionista abstraktua landu du, eta eragin handia izan du ondorengo margolariengan eta estiloetan. Gaztetan, eskola utzita, aprendiz hasi zen artista komertzialen eta dekoratzaileen enpresa batean. Lan egiteaz gainera, baina, Rotterdameko Akademian arte eskolak hartu zituen. 1926an Estatu Batuetara joan zen, eta artista komertzial gisa lan egin zuen. Hurrengo hamarraldian horma irudiak egin zituen administrazio federalaren arte programaren barruan, eta agerian utzi zuen oso ongi ezagutzen zuela Picassoren lana. 1948an, New Yorken, zuri-beltzeko obra abstraktuen erakusketa bat egin zuen, eta New Yorkeko eskolako espresionismo abstraktuaren buruzagietako bat bihurtu zen. Action painting esapidea Willem de Kooningen lana definitzeko erabili zen lehen aldiz, hark egiten zituenak bezalako marra indartsu zabal eta oso markatuak adierazteko. Garai hartako obra onenetakoak dira bere bi margolan: Asheville (1948, Phillips Bilduma, Washington) eta Hondalana (1950, Chicagoko Arte Institutua). 1953an Emakumea izeneko sei obren erakusketa egin zuen; deabruak bezalako irudiak ziren, kolore bortitzez eta ore lodiz eginak. Irudi sail berritzailea zen, pintura figuratiboa arte abstraktuarekin lotzen zuelako. 1950eko hamarraldiaren bukaeran, estilo abstraktuagoa erabili zuen, paisaiak iradokitzen zituzten irudiak eginez, eta harrezkero estilo figuratiboa eta abstraktua txandakatu zituen, edo nahastu, zenbaitetan. Aldi berean, litografiak egin zituen, eta 1969tik aurrera, brontzezko eskultura figuratiboak. 1980an, Andrew W. Hellon saria irabazi zuen, Pittsburgh Internationalen, Eduardo Chillida eskultorearekin batera.