Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Konstantino

Greziako bi erregeren izena.  v  Konstantino I.a. Greziako erregea 1913-1917 eta 1920-1922 bitartean (Atenas, 1868 - Palermo, 1923). Jurgi I.aren semea zen eta 1913. urtean egin zuten errege. Lehen Mundu Gerran neutraltasunari eusten saiatu zen, baina Alexandro bere seme gazteari utzi behar izan zion aginpidea, Grezia banatu eta frantses gudarostea Grezian sartu ondoren (1917). Alexandro hil zenean (1920) berriro errege izendatu zuten. 1922. urtean, turkiarrek Greziako gudarostea Anatolian menderatu ondoren, bere seme Jurgi II.ari utzi behar izan zion erregetza.  v  Konstantino II.a. Greziako erregea 1964-1967 bitartean (Atenas, 1940). Paulo I.aren seme eta ondorengoa izan zen (1964). Faxistak gudarostetik kanpora bota nahi zituen Papandreu zentristaren gobernua biderik gabe utzi zuen 1965ean, eta eskuinaldeko gobernu bat osatu zuen. Hurrengo hiletan monarkiaren aurkako manifestaldiak areagotu ziren eta 1967ko apirilean estatu-kolpe bat jo zuten militar faxistek, Papadopoulos buru zela. Zapalkuntza izugarri latza izan zen. 1967ko abenduan egoera neurri batean leuntzen saiatu zen Konstantino II.a eta militar horiek baztertzen saiatu zen. Huts egin eta erbestera jo behar izan zuen. 1973an bukatu zen “koronelen erregimen a” eta 1974an erreferendum bat egin zen Grezia monarkia izango zen ala ez erabakitzeko. Errepublikaren aldeko boza eman zuen gehiengo handi batek eta erbesterako bidea hartu zuen Konstantino II.ak.