Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Konbentzioa

Frantziako lehen errepublika sortu zuen biltzar konstituziogilea, 1792ko irailaren 21etik 1795eko urriaren 26 arte gobernatu zuena.  v  Konbentzioaren historia. Monarkia desagertu zenean (1792ko abuztuak 10), baliorik gabe geratu zen 1791ko konstituzioa. Orduan, legebiltzarra desegin eta hauteskunde deialdia egin zuen, 749 kideko biltzar konstituziogile berri bat eratzeko: Nazio Konbentzioa. Biltzar berri hark monarkia indar gabe utzi (irailaren 21a) eta errepublika ezarri zuen (irailaren 22a). 1795eko abuztuan konstituzio berri bat hautatu zen, direktorio betearazlea, bi ganbera sortu zituena; bi ganbera haiek boto zentsitarioz hautatzen ziren. Konbentzioa urte hartan bertan, urrian, desegin zen.  v  Filadelfiako konbentzioa (1787). Estatu Batuetako biltzar konstituziogilea, 13 estatuetako biltzarretatik bidalitako ordezkariek eratu zutena. George Washington zen haren buru eta kide ospetsu asko izan zituen: Franklin, Madison, Jackson eta Morris, besteak beste. Biltzar hark egin zuen Estatu Batuetako konstituzioa 1787ko abenduaren 27an.  v  Konbentzioko gerra. Frantziako errepublikaren eta Espainiako monarkiaren arteko gerra (1793-1795). Espainiak Ingalaterraren laguntza izan zuen. Gerra Katalunian eta Euskal Herrian egin zen, batez ere, nahiz eta Frantziako Toulon-en ere borroka izan zen, ingelesen eta espainiarren gerra ontziak joan baitziren hara Frantziako erregezaleei laguntza ematera.  v  Gertaeren sorrera eta bilakaera. Luis XVI.a gillotinan hil ondoren (1793-1-2), gobernu iraultzaileak eta Espainiako Borboitarren monarkiak eten egin zituzten diplomazia harremanak. 1793ko martxoaren 7an Konbentzioak aurrea hartu zion Espainiako monarkiari, eta berak deklaratu zion gerra lehenbizi. Gerraren lehenengo urtean Espainiako gudarosteek ekin zioten erasoari eta Rosello eskualdea hartu zuten; Perpinyà, ordea, ezin izan zuten sartu, gogor saiatuagatik. Konbentzioaren gobernuak soldadutzarako deia egin zuen 1793ko abuztuaren 23an, eta milioi bat soldadu inguru zituen gudaroste handia eratu zuen denbora gutxian. Hala, Europako gudarosterik handiena bihurtu zen Frantziakoa. 1794an borboitar gudarosteek atzera jo zuten Ampurdá aldera, frantsesek bultzatuta, eta gudalekua Fluvia ibaian (Geronan) finkatu zen. 1794ko udan beste gudaleku bat eratu zen, Konbentzioko gudaroste frantsesak Hego Euskal Herrian sartu baitziren, eta, neke handirik gabe, herri eta hiri nagusiak hartu baitzituzten: Hondarribia, Donostia, Tolosa, Bilbo eta Gasteiz; hala ere, Iruñea ezin izan zuten hartu, ondo babestuta zegoelako. 1795eko uztailaren 22an Basileako bakea sinatu zen; haren arabera, Frantziak Espainiari bihurtu zizkion konkistatu zituen lurraldeak, eta Espainiak, bere aldetik, Santo Domingo uharteko bere partea eman zion Frantziari trukean.  v  Gipuzkoa eta Konbentzioa. 1794ko abuztutik aurrera Gipuzkoako Diputazioak bake negoziazioa eskatu zion Frantziako Errepublikari Gipuzkoarentzat, lurralde burujabe zen aldetik. Bistakoa denez, Frantziako buruzagiek zuten pentsamolde jakobinoarentzat guztiz barregarria izan zen proposamen hura, batetik, Gipuzkoa txikia eta ahula baitzen oso, hala lurraldez nola ekonomia baliabidez, eta bestetik gudaroste iraultzaileek hartua baitzuten probintzia osoa. Gobernu frantsesak, hala ere, Frantziako errepublikako probintzia izateko aukera eman zion Gipuzkoari. Frantsesen proposamen hura, ordea, iraina zen gipuzkoar foralistentzat eta negoziazioak hutsean geratu ziren. Horrela bada, Gipuzkoa lurralde konkistatutzat hartu zuten frantsesek. Jende asko hil zen borrokan eta ondasun asko galdu gerra odoltsu hartan.