Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

komuna

iz. Pol. Herri edo hiri bateko biztanleek beren kabuz antolatu eta gobernatzeko modua.  v  Herri komuna. Txinan 1958. urte inguruan sortu zen ekonomia, politika eta gizarte antolaketa. Herri komunak kooperatibak elkartzean eratu ziren, eta gobernu eginkizunak betetzen zituzten herrietan, nekazarietan batez ere.  v  Parisko komuna (1789-1795). Iraultza frantsesaren garaian Parisen izan zen gobernua. 1792ko abuztuaren 10ean komuna iraultzaile batek hartu zuen Parisko gobernua. Harrezkero Parisko komunak izuaren erregimen a bultzatu zuen. Herri Salbazioaren Biltzarrak aginpidea hartu zuenean, Komuna haren mende erori zen eta zeukan indar politikoa galdu zuen. Alabaina, 1794ko uztailaren 24an (Thermidor 9an), Komunak azkeneko ahalegina egin zuen gobernuaz jabetu eta Robespierre salbatzeko, baina iraultzaileek ez zuten beren helburua lortu eta 83 kide hil ziren fusilatuta ekinaldi hartan. Thermidor-konbentzioak komuna desegin eta administrazio eta finantza biltzarrak sortu zituen haren ordez.  v  Parisko komuna (1871ko martxoak 18 - 1871 maiatzak 27). Parisen, 1871ko martxoaren 18an, eratu zen gobernu iraultzailea. Frantziaren eta Prusiaren arteko gerrak, Paris erregezaleek inguratua izateak eta gobernuaren ezintasunak egoera militarra, ekonomikoa eta politikoa kontrolatzeko, iraultzailearen sorrera erraztu eta bideratu zuten; hala, iraultzaileek errepublikako gobernua bota eta komuna eratu zuten haren ordez. Prusiarekin bakea egin ondoren, errepublikako botere betearazlearen buru zen Thiers-ek gudarosteei agindua eman zien, martxoaren 17ko ilunabarrean, jabetu zitezela Montmartren gordeta zeuden 227 kanoiez. Hala, gudarosteak Parisko herriarekin batera matxinatu ziren, fusilatu zituzten Lecomte eta Thomas jeneralak, eta Parisko komunaren kontseilu nagusi bat eratu zen; kontseiluak hamar biltzar zituen, ministerioen antzera aritzen zirenak. Higikunde hura zabalduz joan zen Frantziako beste hirietara; hala, Lyonen, Saint-Etiennen eta Marseillan ere komunak eratu ziren, nahiz eta hiri horietan berehala desegin zituzten. Azkenean, maiatzaren 21ean, gobernuaren gudarosteak Parisen sartu ziren eta iraultzaileek hiri guztian barrikadak jasoz erantzun zuten. Matxinada ito ondoren, 20.000 paristar hil zituzten fusilatuta, 38.000 atxilotu zituzten eta 7.500 Kaledonia Berrira erbesteratu zituzten.