Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Komoreak

(Izen ofiziala, Komoreetako Batasuna; 2002 arte, Komoreetako Islamiar Errepublika Federala; Arab., Jumuhuriat al-Qumur al-Ittihadiah al-Islamiah; Fr., République Fédéral Islamique des Comores). Indiako Ozeanoko uhartedia eta estatua, Mozambikeko itsasartearen iparraldean; uhartedia Komoreetako errepublika osatzen duten hiru uhartek eta gaur egun Frantziari loturik dagoen Mayotte uharteak osatua da. 2.171 km2 (Mayotte barne) eta 651.901 biztanle (2004, komoretarrak). Hiriburua: Moroni (40.000 biztanle). Hiri nagusiak: Mutsamudu, Domoni, Fomboni. Hizkuntza ofizialak: arabiera, komoreera, frantsesa. Etniak: komoretarrak % 96,9; makuarrak % 1,6, frantsesak % 0,4, besteak % 1,1. Erlijio ofiziala: islama. Dirua: Komoreetako frankoa. ■ Komoreetako errepublikak arazo larriak izan ditu egonkortasun politikoa lortzeko. 18 estatu kolpe izan dira 1975ean Frantziarengandik independentzia lortu zuenez gero. 1997an, bestalde, Anjouan eta Moheli uharteek beren burujabetasuna aldarrikatu zuten. Urte hartan bertan uharte matxinatuen gaineko kontrola berreskuratzen ahalegindu zen Komoreetako gobernua indarrez, baina huts egin zuen. Gaur egun Afrikar Batasunerako Erakundea bitartekaritza lanak egiten ari da uharteen eta estatuaren artean bakezkoak egiteko. ■ Biztanleak. Komoreetako uhartediko uharteak Komore Handia (edo Ngazidja), Moheli (edo Mwali), Anjouan (Ndzonani edo Nzwani) eta Mayotte (Mahore) dira; dena dela, Mayotte uhartea Frantziaren eskumenean dago gaur egun, nahiz eta Komoreetako errepublikak bere lurraldetzat hartzen duen. Uharte bakoitzean hiri nagusi bana dago. Afrikako kontinenteko herrialdeetan bezala, biztanleen hazkunde tasa garaia da (% 3,11, emakume bakoitzeko 5,4 haur), eta biztanleak oso gazteak dira (% 43 inguru 15 urtetik beherakoak). Haurren heriotza tasa handia da: 1.000 haur jaioberritik 81,63 hiltzen dira. Analfabetismoa % 50 ingurukoa da. Beste herrialde batzuetan ez bezala, ordea, Komoreetako errepublikak dentsitate izugarri handia du: km2-ko 290 biztanle. Bizi itxaropena 60 urtekoa da, batez beste. ■ Ekonomia. Komoreetako errepublika munduko herrialderik pobreenetako bat da. Arazo larrienak hiru uharteen arteko komunikazio egokirik eza, biztanleria gaztea eta hazkunde bizkorrekoa eta baliabide naturalen urritasuna dira. Bestalde, langileen prestakuntza ez da ona, analfabetismo handia dago, eta horren ondorioz langabezia handia; iraupeneko ekonomia eta kanpoko laguntzen mendekotasuna nabarmenak dira. Lehen sektoreko jarduerak dira ekonomia jarduera nagusiak (barne produktu gordinaren % 40 eta langileen % 80). Esportaziorako gaiak lantzeko erabiltzen dira lurrik onenak (lurrinak egiteko landareak, banilla) eta bertako biztanleentzat lantzen diren gaien uztak (banana, tapioka, arroza) ez du bertako beharrak asetzeko ematen. Gobernua ahaleginak egiten ari da hezkuntza eta prestakuntza teknikoa bideratzeko, merkataritza eta industria enpresak pribatizatzeko, osasun zerbitzuak hobetzeko, turismoa bultzatzeko eta biztanle kopuruaren hazkundea murrizteko. ■ Gobernua eta gizartea. 1996. urteko konstituzioaren arabera lehendakaria da estatuburua, eta bost urtez behin hautatzen da. Lehen Ministroa, berriz, legebiltzarreko alderdi nagusiaren ordezkaria da. Aginpide legegilea biltzar federalaren esku (bost urtez behin aukeratzen diren 43 kidez osatua) eta senatuaren (sei urtez behin aukeratzen diren 15 kidez osatua) esku dago. 1996an konstituzioa ezarri zenean, bi alderdiko sistema bat ezarri zen. Taki lehendakariak alderdi guztiak desegiteko eta berarekin elkartzeko deia egin zuen (RND alderdian). Biltzar federalean sei eserleku baino gehiago lortzen dituzten alderdiek bakarrik dute oposizioan egoteko eskubidea, eta horrelakorik inork lortu ezean, bigarren alderdi nagusia da oposizioko alderdia. Konstituzio hark berriro ezarri zuen heriotza zigorra, 1975ean indar gabe utzia. Bestalde, uharte bakoitzak autonomia du eta gobernadore eta kontseilu propioa dute, nahiz eta gobernu federalak hartzen dituen erabaki politiko eta ekonomiko nagusiak.  v  Historia. Diogo Ribeiro portugaldar kartografoak jasoak dira Komoreko uhartei buruzko lehen berriak (1527), baina ordu arte arabiar herrien eraginpean izan ziren uharteetan lehorreratu zen lehen europarra James Lancaster ingelesa izan zen (1591). Hala ere, 1841ean frantsesek hartu zuten Mayotten eta 1886-1912 bitarteko urteetan beste hiru uharteen gaineko ardura. 1912tik 1947ra Madagaskar-eko koloniari lotuak egon ziren uharteok. 1947an Frantziaren Itsasoz Haraindiko Lurralde izendatu zuten Komore, eta 1958an kolonia gisa jarraitzea erabaki zuten erreferendum baten bidez. 1974an Komore Handia, Anjuan eta Moheli uharteek independentzia eskuratu zuten, eta Mayottek, aldiz, Frantziaren mende geratzea erabaki zuen gainerako uharteen gogoz kontra. 1976an Nazio Batuek frantsesen eskuhartzea gaitzetsi zuten eta 1974ko erreferenduma baliogabetu; erabaki horren kariaz Frantziak bere laguntza ukatu zien uharteei. Komoreko uharte independenteen lehen lehendakaria, Ahmed Abdallah, berehala kendu zuten kargutik eta 1975ko urtarriletik aurrera Ali Soilihk hartu zuen uharteen gaineko aginpidea. 1978ko maiatzan Bob Denard frantsesaren aginduetara zeuden mertzenario batzuek Ali Soilih hil eta Abdallah ezarri zuten berriro lehendakari. Urte horretan konstituzio berria onartu eta Komoreko Islam-errepublika Federala eratu zuten uharteek; halaber Komoreren eta Frantziaren arteko harremanak bere onera etorri ziren. 1985. eta 1987. urteetan estatu kolpeak izan ziren, baina menderatu ahal izan ziren. 1989an Abdallah lehendakaria hil zuten haren goardiaren eta Komoreko gudarostearen arteko borroketan; frantses mertzenarioek ere eskuhartu zuten ekintza horretan eta lurraldetik kanpo egotzi zituzten. 1990eko hauteskundeetan Said Mohamed Djohar hautatu zuten lehendakari eta 1992an konstituzio berria ezarri zen, baina ez zen lortu egonkortasun politikorik. 1991n gobernu berria osatu zen Komoreetako Demokraziaren aldeko Batasun Nazionaleko Mohammed Takiren buruzagitzapean, baina Djohardek bere kargutik kendu zuen 1992an, frantsesen aldeko jarrerak erakutsi izanagatik. 1993an legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren, baina oposizioak boikota egitera dei egin zuenez, Djohar lehendakariaren Eraberritze Demokratikorako Elkartea (RRD) atera zen irabazle. 1995ean estatu kolpea emateko saio bat antolatu zuen 1989an Abdallah lehendakaria hil zuen mertzenario talde frantsesak, Bob Denarden zutela buru. 1996an hauteskundeak egin ziren; 1995az gero Djoharren eskumena sinbolikoa izan zen eraginkorra baino areago, oso zahartuta eta gaixo baitzegoen, eta ez zen hauteskundeetara aurkeztu. Horrela, haren aurkari nagusiak, Mohammed Taki Abdoulkarimek, irabazi zituen hauteskundeak. 1996an konstituzioa eraberritu zuen, nahiz eta oposizioak alderdi guztiak lehendakariaren alderdiarekin bat egiteko presioa begi onez ikusi ez eta Abbas Dojoussof oposizioko buruarekin bat egin zuten. 1998an lehendakaria hil zenean, behin-behineko lehendakaria aukeratu zuten Tadjidine Ben Said Massounde eta Abbas Djouassoufek hartu zuen Lehen Ministroaren kargua. 1999an hauteskundeak egin bitartean iraun behar zuen behin-behineko gobernu hark, baina bertan behera gelditu ziren hauteskunde haiek, egoera politiko oso larria sortu zelako uharteen burujabetasunaren aldekoen presioagatik. 1997an istilu larriak gertatu ziren Anjouan uharteko burujabetasunaren aldeko erakundearen (OPIA) eta gobernuko gudarostearen artean. Taki Abdoukarimek hiru uharteen autonomia areagotzeko neurriak hartu zituen arren, Abdallah Ibrahim independentistak Anjouanen burujabetasuna aldarrikatu zuen, eta gauza bera egin zuen Moili uharteak ere. 1998an erreferenduma egin zen, eta Anjouango biztanleek onartu egin zuten Komoreetatik bereiztea (han bizi da Komoreetako uharteetako biztanleen erdia). 1999an uharteetako ordezkariek autonomia zabala onartu zieten Anjouan eta Moheliri, eta etorkizunean hiru uharteen artean batasun bat osatzeko asmoa azaldu zuten. Dena dela, istiluek bere horretan jarraitu zuten, eta azkenean Azali Hassounani Komoreetako gudarosteko koronelak estatu kolpea eman zuen. 2001ean, bake hitzarmen bat sinatu zuten gobernuak eta Anjouanen burujabetzaren aldekoek, eta, horren ondorioz, konstituzio bat onartu zen erreferendumean. Konstituzio berriak izena aldatu zion herrialdeari —Komoreetako Batasuna—, eta autonomia zabala eman zien Komore Handia, Anjouan eta Moili uharteei, eta bakoitzari lehendakari eta konstituzio bana izendatu zien. Batasuneko lehendakaria lau urtean behin txandaka aukeratzen da hiru uharteetako hautagaien artean. 2006. urteaz geroztik, Ahmed Abdallah Mohamed Sambi da lehendakaria.
http://www.beit-salam.km/