Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kolakowski, Laszek

Poloniar filosofoa (Radom, 1927). Alderdi komunistako kide egin zen 1945ean eta higikunde errebisionistaren buru nagusia izan zen 1956tik aurrera. Estalinismoa eta aurreramenduaren mitoa kritikatu zituen, alderdi komunistatik eta Varsoviako unibertsitatetik kanporatu zuten arte (1968). Montrealeko eta Berkeleyko unibertsitateetako irakasle izan da eta Oxforden da gaur egun. Marxismoa, filosofia analitikoa eta existentzialismoaren elementuak biltzen ditu Kolakowskik bere filosofian. Lan nagusiak: Alternatibarik gabeko gizona (1956-1969 bitartean prentsan emaniko artikuluen bilduma), Arrazionalismoa ideologia gisa (1967), Marxismo-utopia eta antiutopia (1974), Husserl eta egiaren bilaketa (1975). Kolakowskiren zenbait lan Joseba Arregik euskaratu zituen (Kolakowski, Jakin Gogoeta, 1972, J. Azurmendirekin batera argitaratutako liburua).