Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kirkby, Emma

Britainiar sopranoa (1949). Oxfordeko Unibertsitatean ikasi zuen. Zenbait abesbatza eta musika taldetan parte hartu zuen, eta aurrerago Barrokoko eta Errenazimentuko musikarekin bereziki zaletu zen. Jessica Cashekin kantua ikasi zuen, Londresen, eta antzinako musika berreskuratzeko sortu zen higikundean parte hartu zuen. 1974an debuta egin zuen Londresen, eta lau urte geroago New Yorken. Haren ahots naturalari eta musikarako berezko dohainari esker musika klasikoaren aurreko abeslari onenetako bat bilakatu zen. Lehenengo lanak Musica Reservata, Consort of Musicke, Taberner Players eta Academy of Ancient Music taldeekin egin zituen. Aurrerago, bakarlari gisa hasi zen, eta kontzertuak eman zituen mundu osoan. Anthony Rooley laut-jotzailearekin eta honen Consort of Musickerekin batera egindako lanari esker bere ahotsaren ezaugarriekin erabat adosten den errepertorioa sakondu zuen. Ezaugarri horiek bereziki nabarmenak dira laut eta ahotserako britainiar abestien grabazio eta kontzertuetan. Ehundik gora disko grabatu ditu, era askotakoak: Monteverdiren madrigalak, Händelen italiar kantatak, John Dowland eta Robert Jonesen lauterako abestiak, eta abar.