Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kempen, Thomas Hemerken Ivan

Alemaniar elizgizon, idazle eta mistikoa (Kempen, 1380 - Agnetenberg, 1472). Tomas Kempiskoa izenez ere ezagutzen da. Agnetenbergko agustindarren monasterioan ikasi zuen. Unibertsitatera joan ez bazen ere kultura handia zuen. Lan nagusiak: Soliloquium Animae, Hortulus Rosarum, eta batez ere Imitatio Christi, erlijiozko libururik zabalduenetako bat, munduko ia hizkuntza guztietan 2000 argitalpenetik gora izan dituena. Liburu honen zati baten euskarazko aurreneko itzulpena Aranbillagak egin zuen (Jesu Christoren Imitationea, 1684), Michel Chouriok egin zuen lehenengo bertsio osoa (1720) eta geroztik euskaratzaile eta argitalpen ugari izan ditu: Martin Maister (1757, zuberotarrez), Jose Kruz Etxeberria, Gregorio Arrue (1887), Olabide, Léon Léon, etab.