Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Keita, Salif

Maliko abeslaria eta musikagilea (Dioliba, 1949). Mendebaldeko Afrikako ahots garrantzitsuenetako bat da. Mandinga inperoa 1240an fundatu zuenaren ondorengo zuzena da, eta horrek ospe berezia eman dio herrikideen artean. Bere musika lanak gizartearekiko konpromiso handia erakusten du. Salif Keita albinoa da, eta bere etnian albinoak sakrifikatu egiten dituzte garai latzetan zorte ona ekartzeko. Zorte ona, ordea, berak izan du, bizirik jarraitu ahal izan baitu. Musika munduan lehen urratsak Bamako hiriburuan eman zituen, tren geltokiko bidaiariak dibertitze aldera Garraio ministerioak sortu zuen taldean. Han Kante Mory musikari ginearra ezagutu zuen. Handik urte batzuetara Barne ministerioak sortutako Les Ambassadeurs du Motel de Bamako taldean hasi zen. Taldeak 1977an lortu zuen lehen arrakasta Mandjou epopeiarekin, gerora herri mandingaren himno herrikoi bihurtuko zena. Urte batzuk geroago, taldea utzi eta Parisera joan zen. Han erritmo etnikoak sortu zituen eta ospe handiko lanak egin zituen. Lan ezagunenen artean ditu: Wassalon-foli ("Tounkan" eta "Primpin" abestiekin), Soro (1987), Ko Yan (1989, Gertatzen ari dena), Amen (1991), The Mansa of Mali: a retrospective (1995), Folon, the past (1995). Hainbat musikari ospetsurekin lan egin izan du, hala nola Jackson Browne, Carlos Santana, Wayne Shorter eta Joe Zawinulekin.