Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kasitar

(Arab. Banu Qasi edo Banu Kasi, «Kasiren semeak»). iz. eta izlag. 714. urtean bere lurraldeei eta aginte mailari eustearren musulman bihurtu zen Kasi konde bisigodoaren ondoko dinastia muladiarra. Kasi Zaragoza eta Logroño arteko eremu zabal bateko buruzagi nagusia zen, eta haren ondoren Erriberan finkatu ziren kasitarrak. Kasi godoa zen jatorriz; badirudi harreman estuak izan zituela jaun baskoiekin. Izan ere, hasieratik ageri dira izen baskoiak kasitarren artean eta ezkontza bidezko loturak ugari izan ziren baskoien eta kasitar muladiarren artean IX. mendea arte. Kasitarren eremua Zarrakaztelu eta Doneztebe-Deioraino iristen zen iparraldetik eta Nafarroako Erribera jaun musulman hauen mendean egon zen X. mendearen hasiera arte, beraz. Kordobako omeiarren esanetara gobernatu zuten kasitarrek Tuteran eta liskar ugari izan ziren bi mendeetan zehar Kordobako kalifen eta kasitarren artean. Gatazka giro hori mesederako izan zen Iruñeko erreinu baskoia egituratzeari begira (799). 803an, Zaragozako emirraren aurka altxatu ziren kasitarrak, baskoiek eta frankoek lagunduta, eta Tuterako gotorlekua setiatu eta hartu zuten. 824an, ordea, Abd ar Rahman II.a emirrari lagundu zioten kasitarrek karolingiarrak Nafarroa Garaitik ohiltzen. 841etik aurrera, Musa ibn Musa izan zen kasitarren buru. Omeiarren aurka altxatu zen 842an, eta Abd ar Rahman II.aren aurkako gorabehera handiak izan zituen arren, Tutera eta Zaragozako gobernari izendatu zuen Muhammad I.a emirrak 852an. Musa ibn Musa Eneko Aristaren anaiordea zen eta Ebro ibaiaren inguruko bazter guztietako nagusi izan zen 859an Asturiasko Ordoño I.ak Albelda eta Clavijoko guduetan menderatu zuen arte. Musa ibn Musa kasitarraren ospea mendeetan zehar gorde da Hispaniako lurretan (Esp. El moro Muza, “Musa mairua”). 872an, Musaren lau semeen esku geratu ziren Tutera, Huesca, Monzon eta Zaragozako hiriak eta kasitarren eta baskoien aurka jo zuen Muhammad I.ak. 882an, Muhammad ibn Lope, Musa ibn Musa-ren biloba, Pirinioetako mendebaleko kristauen aurkako erasoan hasi zen eta Zaragozako Sibranan menderatu zituen Aragoiko kristauak (891). 890ean hartu zuten bestalde omeiarrek Zaragozako hiria, eta han hil zen Muhammad ibn Lope zortzi urteko setio baten ondoren (898). Lope ibn Muhammad, haren semeak, indar handia hartu zuen ondoko urteetan baina Antso I.a Iruñeko erregeak menderatu zuen 907. urtean. Handik aurrera apaltzen hasi zen kasitarren eragina; Abd ar Rahman III.aren mende geratu ziren eta haien nagusitasuna erabat ahitu zen Antso I.a Iruñeko erregearen eta Ordoño II.a Asturiasko erregearen armadek Viguerako guduan garaitu zituztenean (924).