Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jehuda ha-Levi

(Hebreeraz, Yehuda ben Shemuel Ha-Levi) Nafarroako poeta eta erlijio-filosofo judua (Tutera, 1075 - Egipto, 1141). Arabiar giroko judu poeta gorena izan zen. Haren lan aipagarrien artetik Diwan poema bilduma da nabarmenena, Siongo Oda Sioni opaturiko poemak eta Sefer ha-Kuzari (Kuzar-en liburua), judaismoaren filosofia elkarrizketen bidez aurkezten duen liburua. Tuteran sortu zen Jehuda ha-Levi. Iruñeko erresumaren barnean zegoen hiria garai haietan, baina arabiar moldeak ziren nagusi kulturan. 1090. urtea baino lehen, Andaluziara joan eta Moses ibn Ezra Granadako poeta juduaren ikasle izan zen Granadan. 1090ean Granadako hiria utzi behar izan zuen almorabiar berberiarrak bertan nagusitu ondoren eta Andaluziako beste hiri batzuetako aljama edo judu auzoetan (Lucena, Sevilla) bizi izan zen hurrengo urteetan. Toledoko hirian izan zen ondoren. Une guztiz latzak bizi zituzten XII. mendearen hasiera hartan Gaztelako juduek eta biziki salatu zituen bere erlijio kideen aurkako ekintza haiek Jehuda ha-Levik. Bizitzako azken urteetan (1130) Kordoba aldera jo zuen, arabiarren artean egotea nahiago zuelako edo, eta Palestinara joatea erabaki zuen azkenean. Alexandriako hirian bizi izan zen aldi batez eta Palestinarako bidean zegoela hil zen 1141. urtean. Gazterik hasi zen idazten Jehuda ha-Levi. Amodioaren eta adiskidetasunaren inguruko gaiak izan zituen gogokoen gaztetako lan haietan; samurrak eta irudimentsuak dira bere lanak. Hebreeraz idatzi bazuen ere, erromantzez onduriko kantu batzuk utzi zituen, “jartxa” edo arabieraz egindako bertsoen modura idatziak. Urteak aurrera zihoazen ahala, erlijio eta filosofia gaiek eta judu herriaren etorkizunak bete zuten, arian-arian, Jehuda ha-Leviren idatz gogoa. Erlijio eta filosofiaren alorretan, ez zen ortodoxia judutik aldendu.