Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jauregui Jauregui, Gaspar

(«Artzaia») Gipuzkoar jeneral liberala (Urretxu, 1791 - Gasteiz, 1844). Artzaina zen Napoleonen osteak Espainiako estatuko lurretara zabaldu zirenean eta bera izan zen, beste sei lagunekin batera, Gipuzkoan haien aurka matxinatu zen lehena. Denbora laburrean hiru bataloi izan zituen bere manupean. Frantsesak atzean zituela Nafarrora jo eta han Espoz eta Ilundainekin jarri zen harremanetan. Gipuzkoako gerrillari guztiak Jaureguiren zuzendaritzapean jartzeko agindua eman zuen Espozek. 1812. urtean, ingelesek eskatuta, oste frantsesak Lekeitiotik aterarazi zituen bertan lehorreratu behar baitzituzten ingelesek Nafarroako gerrillarientzako armak. Espainiako Armadako teniente koronela zen garai hartan eta Tomas Zumalakarregi zegoen haren gizonen artean. Urte bereko uztailean Ordizian eta Ormaiztegin eraso zien frantsesei, preso ugari askatu zituen eta koronel izendatu zuten ekintza haren ondorioz. Gerra amaitutakoan bere jaioterrira itzuli zen eta bertako alkate hautatu zuten. 1815. urtean matxinada prestatzen harrapatu zuten eta erbestera jo behar izan zuen. 1820. urtean itzuli zen eta hiru urte geroago, San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioaren ostean absolutismoa berriro ezarri zenean, armak hartu zituen berriro ere, baina erbestera jo behar izan zuen bigarrenez. 1830. urtean Espozek eta Ilundainek eta Gaspar Jaureguik matxinada bat antolatu zuten Iparraldetik eta Jaureguik Irun, Oiartzun eta Hernaniko mendialdeak hartu zituen baina berriro ere mugaz bestaldera joan behar izan zuen bere jarraitzaileekin. Fernando VII.a 1833. urtean hil zenean Maria Kristina erreginaren zerbitzura jarri zen Jauregui eta brigadier izendatu zuten urte betera. Gerrillari kide izan zuen Zumalakarregiren aurka borrokatu zen lehen karlistaldian. Gipuzkoako Komandante Nagusi izendatu zuten Lehen Karlistaldia amaitu ondoren.