Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jason

(Gr. Iasôn). Mit. Greziako mitologian, Tesaliako Iolkoko erregearen semea eta argonauten espedizioaren antolatzailea. Pelias bere aitaren anaiordeak Iolkoko erresumaz jabetu eta hil nahi izan zuen Jason umetan, baina honek ihes egin eta Kiron zentauroak hezi zuen. Heldutakoan, Iolkora itzuli zen Jason eta erreinua eskatu zion Peliasi. Baldintza bat ezarri zion erregeak aginpidea ematekotan, Urrezko Ardilarrua ekar ziezaiola alegia. Kolkidara abiatu zen Jason Argon ontzian, argonauten buru, eta gorabehera askoren ondoren, Iolkora itzuli zen Jason, Medea Kolkidako erregearen alabarekin ezkonduta eta ardilarru preziatu haren jabe. Handik gutxira hil zen Pelias, Medeak eragindako heriotzaz, eta Iolkotik Korintora alde egin behar izan zuten senar-emazteek seme-alabekin. Hamar urteren buruan, emaztea laga eta Kreonen alaba Kreusarekin ezkondu zen Jason. Medearen mendeku latza ekarri zuen ezkontza hark. Euripides Greziako antzerkigileak aurkeztu zuen Jasonen eta Medearen bizitzako atal hori bere Medea tragedian (K.a. 431).