Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jansson, Tove Marika

Suedieraz idatzi duen finlandiar idazle eta ilustratzailea (Helsinki, 1914 - 2001). Marrazkia eta pintura ikasi ondoren Helsinkin eta Stockholmen, 1945 arte egunkari batzuetan eta besteetan lan egin zuen ilustratzaile eta karikaturagile gisa. Orduan, bere liburuak idazten eta ilustratzen hasi zen, batez ere, hamaika liburutan kaleratu zuen Mumindarrei buruzko bere saila. Aipagarrienak dira: Kometaren etorrera (1946), Mumin familia (1949), Aita Muminen oroitzapenak (1950), Troll-en negua (1957). Mumindarrak idazleak asmatutako troll familia bat dira; haiek eta “gainerako izaki txikiak” itsasoaren eta mendien arteko ibar batean dagoen etxe urdin biribilean bizi dira. Egileak haurrentzat idatzi zituen istorio horiek, baina hazteak berekin dakartzan aurkikuntzak eta galerak eta horrelako gaiak darabiltzanez, heldu askoren interesa ere piztu zuten. Suediako eta Japoniako zenbait telebista enpresak bere pertsonaietan oinarritutako marrazki bizidunak egin zituztelarik, asko zabaldu zen bere ospea. Ipuin horiek 20 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira, baina idazle finlandiarrak gauza gehiago ere idatzi ditu, besteak beste, 1968an argitaraatu ziren bere oroitzapenak, eta narrazio laburren bilduma bat, Dockskåpet (1978).