Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jansen, Cornelius Otto

(Lat. Jansenius). Kristau eliza katolikoko erreformazale flandestarra (Acquoi, Holanda, 1585- Ypres, Flandria, 1638). Lovainan hasi zen ikasten 1602an eta irakasle egin zuten 1630ean. Bayoren jarraitzaile ziren agustindarren eta jesuiten arteko tirabiretan lehenengoen alde agertu zen. Duvergier de Hauranne, Jansenen jarraitzaile eta geroago Saint Cyrango abade izan zenak eta biek, Santuen bizitza eta esanak aztertu zituzten hiru urtean zehar, Agustin santuaren bizitza eta esanak bereziki. 1617an zuzendari zen Santa Pulkeria Norvegiako ikasleentzako eskolan. Jesuiten aurka jarraitu zuen, haien ikasleei teologiazko tituluak ukatuz. 1628tik aurrera Augustinus-en idatzi zuen, Saint Cyranek bultzatua. 1634an Mars Gaellicus idatzi zuen, nazio protestanteekin bat egin zuelako Frantziako monarkiari kritika eginez. Lan hori hil ondoren argitaratu zioten eta Elizaren historian zehar ezagutu direnen arteko kinka larrienetarikoa piztu zuen.