Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iztueta Kortajarena, Joxe Migel

(«Lazkao Txiki» deitua). Gipuzkoako bertsolaria (Lazkao, 1926 - Donostia, 1993). 1943. urtean parte hartu zuen lehenengo aldiz jendeaurreko saio batean. San Prudentzio ermitaren aurrean izan zen, eta Baserri eta Saiburu izan zituen bertso lagun. Ordutik aurrera ezin konta ahal saiotan parte hartu zuen Lazkao Txikik. Gipuzkoako txapeldun izatera iritsi zen (1964), eta Euskal Herriko Txapelketan bigarren atera zen Uztapideren atzetik (1965). Euskal Herriko bertsolari ezagunenetako bat izan da; haren ezaugarri nagusiak ziren umorea, alde batetik, eta lirikotasuna bestetik. Omenaldi bero bat eskaini zitzaion Donostian 1976. urtean. Azken bertsoa 1993ko urtarrilean kantatu zuen, Santi Onaindiari eta Alfontso Irigoieni egin zitzaien omenaldian.