Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izquierda Unida (IU)

Ezkerreko zenbait indar politikoz osaturiko espainiar hauteskunde-koalizioa. 1982ko hauteskundeetan Espainiako Alderdi Komunistaren (PCE) gainbehera ikusi ondoren, ezkertiarren plataforma handi bat eratzeko ideia sortu zen. Horren ondorioz, IU sortu zuten 1986an. Bertan, Alderdi Komunistaren indar nagusiaren ondoan, Federazio Aurrerakoia, Ezker Errepublikarra eta beste talde ezkertiar batzuk bildu ziren. 1986ko hauteskundeen ondoren, ordea, PCE, Ekintza Sozialistako Alderdia, PCPE (Espainiako Herrien Alderdi Komunista) eta Ezker Errepublikarra bakarrik geratu ziren. Katalunian Iniciativa per Catalunya (IC) izena hartu zuen, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoan Ezker Batua du izena (ik. Ezker Batua). 1993ko hauteskunde nagusietan lortu zituen historiako emaitzarik onenak (emandako botoen % 13,46a). 1997ko irailean, IUko Kontseilu Politiko Federalak alderdi kritikoko kideak kanporatzeko erabakia hartu zuen, Kataluina (IC) eta Galiziako kideekiko loturak haustea, eta Kantabria eta Gaztela-Mantxako zuzendaritzak desegitea ere. Cayo Lara da gaur koordinatzaile nagusia.