Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ivogün, Maria (Ilse von Günther)

Alemaniar sopranoa, jatorriz hungariarra (Budapest, 1891 - 1987). Alemaniar hiritartasuna hartu zuen. Bere ama ere, Ida von Günther, soprano ospetsua izan zen. 1907-1913 bitartean Vienako akademian ikasi zuen kantua. Bruno Walterrek Pucciniren La Bohème kantatuz ezagutu zuen eta Municheko Operara eraman zuen 1913an; zuzendari horrek gertutik jarraitu zuen abeslari honen karrera, eta oso sarritan izan zen bere zuzendari. Mozarten lanetan espezializatu zen, baina bere garaiko musikariak ere interesatu zitzaizkion eta Richard Straussek bere Ariadne auf Naxos (1916) operako Zerbinetteren papera kantatzeko eskatu zion. Hasiera hartan Erich Wolfgang Korngolden Der Ring des Polykrates (1916), Hans Pfitznerren Palestrina (1917) eta Walter Braunfelsen Die Vögel (1920) operetan parte hartu zuen, eta ganbera kantari titulu gutiziatua irabazi zuen. Bere izena berehala zabaldu zen mundu osora eta Chicagoko Operan (1921-1922), Londreseko Covent Gardenen (1924), Milaneko Scalan, eta New Yorkeko Metropolitan Operan kantatu zuen. 1925ean Bruno Walterrek, Berlineko Städtische Operako zuzendari izendatu berria zelarik, Berlinera deitu zuen eta han egon zen 1932 arte. Orduan, agindu bat betez opera betiko utzi zuen eta Michael Raucheisen piano-jotzailearekin ezkonduta, Lieder kantari gisa hasi zen. Bera izan zen Richard Straussen Schlechtes Winter lehen aldiz kantatu zuena. Hala ere, irakaskuntzan aritu zen gero eta gehiago: 1948-1950 bitartean Vienako Musikakademien, eta 1950-1958 bitartean Berlineko Hochschule für Musiken. Bere ikasleen artean Elisabeth Schwarzkopf eta Rita Streich abeslari handiak nabarmen daitezke.