Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iturralde Suit, Juan

Nafar idazle eta historialaria (Iruñea, 1840 - Bartzelona, 1909). Merkataritzako ikasketak egin zituen Bordelen eta pinturakoak Parisen. Historiako eta arteko molde erromantikoak ezagutu zituen Frantziako hiriburuan. Nafarroara itzuli zenean Iruñeko zinegotzia izan zen 1868-1872 urteetan eta erabat sartu zen Nafarroako eta Euskal Herriko historia, arkeologia eta hizkuntzaren inguruko gaien ikerketa munduan. Azken Karlistaldiaren ondoren, Nafarroako eta gainerako euskal lurraldeetako foru eta eskubideen galtzeak eta euskarak XIX. mendean izan zuen atzerakada handiak biziki hunkiturik, Asociación Euskara de Navarra elkartea eta Revista Eúskara agerkaria sortu zituen 1878. urtean. Euskal abertzaletasun modernoaren aitzindari nagusietako bat izan zen Iturralde Suit eta Euskal Herri osora zabaldu nahi izan zituen hasieratik Nafarroan abiarazitako ekimenak. Asko idatzi zuen eta hainbat alor jorratu zituen: politika eta satira artikuluak; biografiak eta bibliografia obrak; ipuinak, alegiak eta folklore bildumak; historiako eta arkeologiako obrak eta monografiak; literatura lanak.