Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

itsaso

iz. Lurraren azalaren zatirik handiena estaltzen duen ur gazizko hedadura zabala. (Itsas formak, izen-elkarketan ez ezik, are izenondoen aurrean agertzeko joera du, batez ere itsaso-rekin maiz agertzen diren izenondoekin). Itsas(o) hondargabea. Itsas(o) urdina. Itsas(o) zabalean. Itsasoaren azalean. ik. itsasalde. Aire bat entzun nuen itsasoko aldetik, itsasoko aldetik ontzian kantaturik. ik. itsasaldi. Itsasoan hondatu. Itsaso handiari begira. ik. handi. Lau aldiz ibili zen itsaso handian, eta beste zortziz Mediterraneo esaten zaion bestean. ik. lehor. Itsasoz eta lehorrez. Lurra eta itsasoa. || Hedadura horren zati jakina, eskualde batean aurkitzen dena. Kantauriko Itsasoan. || Irud. Hedadura zabala. Egizu kontu eguzkia dela argizko itsaso bat.           
 v  Lurrean dagoen ur guztiaren % 97 itsasoetan eta ozeanoetan bilduta dago, eta lurrazalaren % 71 itsasoa da. Hiru itsaso mota bereizten dira: itsaso zabalak, ozeanoekin zuzenean lotuta daudenak (Kantauri itsasoa edo Karibekoa, esaterako), ozeanoarekin itsasarte baten bidez lotuta dauden itsasoak (Mediterraneoa edo Itsaso Gorria, adibidez), eta, azkenik, itsaso itxiak, ozeanoarekin batere loturarik ez dutenak (Itsaso Hila, Kaspiar Itsasoa, etab.).  v  Itsas hondoko erliebea. Lurrazalean bezala, itsas hondoan ere haranak, sakanak, ordokiak eta mendikateak daude. Hala, kostaldean kontinentearen itsaspeko ordokia hedatzen da, itsaso zabalerantz okertua egoten den lur zerrenda laua eta sakontasun gutxikoa (200 metro sakon du gehienez ere). Kontinentearen itsaspeko ordokia bukatzen den tokian ezponda edo aldapa hasten da; ordokian eta ezpondan arroil sakon batzuk izaten dira ibaietako ur lasterrek ebakiak. Ezpondatik itsaso zabalerantz barneratu ahala, itsas hondoko sakana edo ordoki abisala hedatzen da; itsas maila baino 3.500-5.500 metro beherago dago sakana abisala eta bertan biltzen dira, ibaiek eramanda, kontinenteetako sedimentuak. Sakana abisalean mendikateak edo bizkarrak daude, ozeanoetan zehar kilometro askotan luzatzen direnak, eta mendikate horietako tontorrak bizpahiru kilometrotako garaiera izaten dute. Lurraren azaleko bi plakaren artean eratzen dira itsas hondoko bizkarrak, eta lurpeko indarren ondorio dira. Sakana abisalean badira osin sakon batzuk ere, eta osin horien alde batean uretatik kanpora irteten diren tontor batzuk izaten dira, uharte arku izenekoak.  v  Itsasoko uraren ezaugarriak. Gazitasuna da, dudarik gabe, itsasoko uraren ezaugarri nagusia; horregatik, gesala ere esaten zaio. Gazitasunarekin batera, tenperatura eta presioa dira beste bi tasun aipagarriak. Eguzki energia da itsasoen bero iturri behinena; hala, ur azalean nabaritzen da, batez ere, Eguzkitiko berotasuna, eta sakondu ahala gero eta berdinago eta gorabehera gutxiago izaten du. Oro har, itsasoko uraren erdia 13 eta 3,8 graduren artekoa da; horrela bada, itsasoa kontinenteetako tenperaturen erregulatzaile da. Itsasoko urak elementu kimiko asko ditu bere osaketan. Hala ere, itsas azaleko gazitasunak gorabehera handiak izaten ditu; batetik, beroak azaleko ura lurruntzen baitu eta orduan gazitasuna handitzen da; bestetik, ibaietako urak, euriak eta glaziarretako izotz urtuak gezatu egiten dute itsas azaleko ura. Sodio kloruroa da itsas urak duen gatz ugariena, eta, ondoren, magnesio kloruroa, kaltzio eta potasio sulfatoak, kaltzio karbonatoa eta magnesio bromuroa, besteak beste. Lurruntasuna handia izaten den itsasoetan –tropiko aldekoetan eta itsaso itxietan– are gaziagoa izaten da itsas ura.  v  Itsasoko uraren higidura. Itsasoko ura etengabe ari da mugitzen, gainaldeko ura batez ere. Uhinak, itsasaldiak eta ur lasterrak dira itsasoaren higidura mota nagusiak.   
Haizeak jotzen duenean, ur azalean uhinak edo olatuak eratzen dira, eta gehienez ere zazpi-hamar metrotako sakonera izaten dute. Itsaso zabalean haizeak uhinak eratzen ditu, baina ez du ur masa aurrerantz eramaten; kostaldera hurbildu ahala, ordea, olatuaren uhinak hondoaren kontra jo eta lehertu egiten dira. Olatuek indar handia har dezakete lehertzean; hala, kosta higatzen dute. Mareak edo itsasaldiak itsas mailaren gorabeherak dira, eta Eguzkiaren eta, batez ere, Ilargiaren erakartze indarrek eragiten dituzte. Ilargiaren erakartze indarra Eguzkiarena baino askoz ere handiagoa denez Lurrean, Ilargiaren aldiekin batera izaten dira itsasgorak eta itsasbeherak. Ilargi berria eta betea denean izaten dira itsasaldi biziak eta orduan igotzen eta jaisten da gehiena itsas maila, zeren eta, halakoetan, Ilargiaren erakarpen indarrari Eguzkiarena gehitzen baitzaio. Itsasaldiak askoz ere gorabehera txikiagoak izaten ditu itsaso itxietan (Mediterraneoan, adibidez) itsaso zabaletan baino (Kantauri itsasoan, esaterako). Itsasoko ur lasterrak itsas azalean edo hondoan higitzen diren ibaien moduko jarioak dira, eta Lurreko beste latitude eta parte batzuetara eramaten dituzte jaiotzen diren eskualdeko uraren ezaugarriak (gazitasuna, tenperatura, etab.). Haize nagusiak eta uraren dentsitate desberdintasunak dira itsasoko ur lasterrak sortzen dituzten bi arrazoi behinenak. Itsasoko ur lasterrak horizontalean higitzen dira azalekoak direnean, eta bertikalean sakonekoak direnean. Lurraren errotazioarengatik sortzen den inertziak, Coriolisen indarra delakoak, eskuinerantz desbideratzen du itsasoko ur lasterren norabidea ipar hemisferioan, eta ezkerrerantz hego hemisferioan. Ur lasterrak hotzak edo epelak izaten dira, jaiotzen diren lekuaren arabera, eta eragin handia dute tokian tokiko kliman. Itsasoko ur laster hotzak Lurraren bi buruetan jaiotzen dira, eta tropikoetarantz bideratzen dira handik; aldiz, ur laster epelak ekuatorean eta tropiko aldean jaio eta poloetarantz joaten dira. Gulf Stream izeneko ur lasterra igarotzen da Bizkaiko golkotik; ur laster epela da, Mexiko parean jaiotzen baita, eta Euskal Herriko klima epeltzen du.