Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ipousteguy, Jean Robert

Frantses pintore eta eskultorea (Dun-sur-Meuse, 1920). Pintore izan zen 1950 bitartean, baina gero margolaritza utzi zuen, kolorea menderatzen ez zuelako. Bere kasa hasi zen eskultura egiten eta berehala osatu zuen lan zabal eta originala, hasieran nahiko abstraktua, baina betiere giza irudiari garrantzia ematen ziona. Sexua eta heriotza dira bere obra osoan nabarmentzen diren gaiak. Material guztiak erabili ditu, burdina, zementua, zura, lurra, brontze trinkoa, plastikoa edota marmola, zuzenean zizelatua, eta teknika horretan maisutasun handia iritsi du. Bere lanak eskultura hutsak baino gehiago, ikuskizun zirraragarriak dira, argiaren joko konplexuak dituzten jende multzo monumentalak. Aipagarriak dira, besteak beste, Mac Geeren omenez (1950), Roger edota hilen herria (1959), Aitaren heriotza (1968), Amaren agonia (1970), Amoranteak (1970), Neska gaztea (1990, brontze saila). Behin baino gehiagotan, enkarguz egindako lanak atzera bota izan zaizkio, esate baterako, Filadelfiako katedralak eskatutako Neumann gotzaiaren heriotza (1976). Izan ere, bere lanek beti sortzen dute halako ezinegon bat. 1995ean bera jaio zen herriari oparitu zion eskultura hori eta bertako eliza gotiko batean dago.