Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

inpresionismo

iz. Margolaritza joera, XIX. mendearen bukaeran Frantzian sortua, gauzakiek eragiten duten zirrara adieraztea helburu duena.  v  Inpresionismoak ez zuen antolamendu berezirik, ezta teoria jakinik ere oinarrian. Errealitatearen eta argiaren unez uneko aldaketak irudikatu nahiak bildu zituen inpresionistak; halaber, pintura errealistaren kontrako erreakzio ere izan zen inpresionismoa; hala ere taldeko kide askok errealismoaren eragina jaso zuten. Inpresionismo deitura kazetari batek Claude Moneten koadro batez (“Impression, soleil levant”) egin zuen ironiazko iruzkin batetik sortua da; Moneten lehen erakusketa zen hura (Paris, 1874), eta eguzkiak uretan egiten duen isla agertu nahi izan zuen koadro horretan. Inpresionismoaren jarraitzaile nagusiak hauek izan ziren: Edouard Manet, Claude Monet, Camille Pissarro, Pierre-Auguste Renoir, Alfred Sisley (jatorriz britainiarra), eta Edgar Degas. Guztira zortzi erakusketa egin zituzten elkarrekin. Beste pintore batzuk ere inpresionismoari lotu zitzaizkion denbora batean baina, besteetatik aske, nork bere estiloa ondu zuen; pintore horien artean aipatzekoak dira Paul Cézanne, Paul Gauguin, Paul Signac, Georges Seurat, eta Vincent van Gogh. Inpresionismoaren margolari taldea 1886an desegin zen, nork bere bideari jarraitzeko. Frantziaz gainera inpresionismoak Alemanian (Lovis Corinth eta Max Liebermann), Britainia Handian (Walter Sickert eta Wilson Steer) eta Espainian (Darío Regoyos, Aureliano de Beruete, Santiago Rusiñol eta Joaquín Sorolla) ere izan zituen jarraitzaileak.  v  Inpresionismoaren ezaugarri oinarrizkoak. Inpresionistek ikuspegiak margotu zituzten batez ere, eta batzuek (Manet, Degas eta Renoir) pertsonak ere bai. Baina guztiek izadia bere zentzu zabalenean hartu zuten gaitzat, eta koloreen eta argiaren aldaketak islatu zituzten beren obretan. Izadiari modu objektibo batez begiratzea eta norberak harekin zuen harremana adieraztea zuten helburu. Hala, jasotzen zuten lehen inpresioa koadrora eraman nahi izaten zuten; hori dela eta gai sinpleak aukeratzen zituzten, lehen begiratuan ulertzeko modukoak. Ez zegoen ez islarik ez marrarik eta gauzen eta haien ingurukoaren arteko muga lausoa zen. Teknikari dagokionez, koloreak nahasi gabe erabili ohi zituzten; kolore desberdinak elkarren ondoan jartzen zituzten eta koadroari urrunetik begiratzen zitzaionean kolore horiek bat egiten zuten begian; hurbiletik begiratuz gero nahaste itxurarik gabea zena, urrunduz gero irudiak eratzen eta argi jokoak sortzen zituen. Urdina, gorria, horia eta horien osagarriak erabiltzen zituzten, pintzelez, espatulez zein behatzez. Kolorea ukitu azkarrez eman ohi zuten, ber-bertako zirrara jaso nahiz.  v  Mus. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran Frantzian izan zen musika higikundea. Claude Debussyk hasi zuen, musika erromantikoaren hunkiberatasunari aurka egin nahian. Akorde konbinazio berriak, eta garai hartan arrotzak ziren erritmo eta eskalak erabili zituzten musikagile inpresionistek. Soinuen bitartez arimaren egoerak, sentimenduak eta ikuspegi bitxi eta samurrenak adierazi nahi zituzten. Beste musikagile inpresionista batzuk: Ravel, Dukas, Roussel, Delius, Griffes, Falla, Respighi.