industria
iz. Lehengaiak eskuratzea, ustiatzea eta lantzea helburu duten ekonomia jardunen multzoa. ◊ Jardun multzo horren adar jakin bat. ◊ Industria alorreko enpresa.
■ Industria diseinua. Gai naturalak zein sintetikoak eta teknologia aurreratuak erabiliz sortu eta prozesu industrialen bidez kopuru handietan ekoiz daitezkeen (hortik datorkio izena) eta helburu jakin baterako erabiliko diren gauzakiak diseinatzeko jarduera. Historian zehar, lanabesak eta tramankuluak sortzeko eta erabiltzeko erakutsi duen ahalmenak bereizi du gizakia gainerako animalietatik, eta ahalmen hori da, hain zuzen ere, historian izan duen bilakaerarekin eta definizio berriekin, diseinu industrialaren funtsa eta mamia. Produktu bat sailean ekoizteak erosle kopuru handia erakartzeko modukoa izan behar duela adierazten du, eta tankera bereko beste produktu batzuen aldean abantailak eta ezaugarri bereziak izan behar ditu horretarako; abantaila izan daitezke denbora aurreztea, dirua aurreztea, segurtasun gehiago eskaintzea, etab. Diseinu industriala, hortaz, produktuak diseinatzeaz arduratzen da eta oso kontuan hartzen ditu materialen fabrikazio prozesua, zientzia eta teknologia, marketinga, bildukinen diseinua eta ergonomia. Diseinu industrialean diharduten diseinatzaileek gero eta harreman handiagoa dute beste alor batzuekin, eta gero eta garrantzi handiagoa ematen diete pertsonen eta gauzen arteko loturari eta alor desberdinetako adituen arteko elkarlanari; horren erakusgarri garbia da, adibidez, informatika, zeinetan diseinatzaile industrialek informatikoekin, diseinatzaile grafikoekin eta ergonomiako adituekin batera lan egin behar baitute programa argi, logiko eta erabilerrazak sortzeko. Diseinu industrialean erabiltzen diren metodoei dagokienez, askotarikoak dira, interes eta behar desberdin askori erantzun behar baitie produktuak; horrek esan nahi du diseinatzaileak ingeniariaren, artistaren, zientzialariaren, ekonomistaren eta soziologoaren ezaugarriak, denak batera, bildu behar dituela. Gaur egun garrantzi handiko baliabidea da ordenagailua, adituek askoz ere denbora gutxiago behar baitute beren lana egiteko eta emaitzak eraginkorragoak direlako; bereziki azpimarratzekoa da eskuz egindako ereduen ordez ordenagailuz egindako marrazkietan oinarrituriko hiru dimentsioko ereduak osatzeko aukera ematen duten programa informatikoek ekarri duten aurrerapena. ■ Diseinu industriala Industria Iraultzaren garaian sortu zen. Orduan hasi zen zabaltzen produktuak kopuru handietan ekoizteko moduko diseinuak egiteko kezka. Lehenengo diseinu eskolak XIX. mendearen amaieran zabaldu ziren, eta haien bitartez hasi zen gauzakien eta arkitekturaren ikuspegi kritikoa lantzen. Zeregin horretan aitzindari izan zen Alemania, artista, fabrikatzaile eta saltzaileen arteko elkarlana sustatzeko sorturiko Deutscher Werkbund elkartearen bidez. Elkarte haren ondoren lan aipagarria egin zuen 1919an sorturiko Weimar Academy of Fine Arts (Bauhaus izenez ezaguna) eskolak. Bauhausek arte eta lanbideak teknologia aurreratuekin, material berriekin eta ekoizpen industrialerako diseinuarekin bateratzeko ahalegina egin zuen, Walter Gropius, diseinu industrialaren aita, zuela aitzindari. Lan handia egin zen, orobat, eskandinaviar herrietan, zeinetan nabarmendu baitzen posible zela diseinu industrialean serieko ekoizpenaren ideal modernistak, dekorazioa eta kontsumitzailearen beharrak, material berriak eta merkaturatzeko egokitasuna bateratzea. Herrialde haietako joerek eragin handia izan zuten 1950eko hamarraldian nazioarteko diseinu industrialean. Bereziki aipagarriak dira Alvar Aalto, Bruno Mathsson eta Arne Jacobsen diseinatzaile eskandinaviarren lan funtzional soilak. Italian ere, Bigarren Mundu Gerraren ondoren bereziki, garrantzi handiko urratsak egin ziren alor honetan, izan ere, bertako industriaren hondamena ekiditeko, diseinatzaile industrialen laguntza baliatu zuten enpresa askok. FIAT, Olivetti edo Pirelli enpresek, esaterako, diseinatzaile handiak izan zituzten (Gio Ponti, Ettore Sottsass, Battista Pininfarina, Achille Castiglioni), eta haien laguntzarekin arrakasta handiko produktuak merkaturatu zituzten. Estatu Batuetan, autoak seriean ekoizteko egindako berrikuntzen bitartez (Forden ekimenez nagusiki) hasi ziren diseinu industrialaren garrantziaz ohartzen. Izan ere, seriean ekoizteak asko saldu beharra zekarren, eta enpresa guztiek antzeko produktuak ekoitziz gero, ez zegoen nabarmentzerik. 1929ko burtsaren gainbeheraren ondoren ahalegin berezia egin behar izan zuten merkatu hartan erosleak erakartzeko, eta horrela hasi ziren produktu jakin baten salmentan esperientzia zabala eta zuzena zuten lantaldeak osatzen, besteak beste eskaparatistak, posta bidezko salmentarako katalogoetarako ilustrazioak egiten zituzten artistak eta abar bilduz. Horrela, 1920-1930 hamarraldietan diseinu industrialeko aholkularitza bulego ospetsuak sortu ziren (Walter Dorwin Teague, Norman Bel Geddes, Henry Dreyfus, Raymond Loewy), eta hasi zen erabiltzen “diseinu industrial” esapidea aditu haien lana deskribatzeko. v Ekoizpen enpresa edo erakunde multzoa, ondasunak ekoiztu, zerbitzuak eskaini eta irabaziak sortzen dituena. Industriari bigarren sektorea ere deitzen zaio. Industriak jasotzen ditu bai enpresa txikiak, nekazari enpresak edo gutxikako merkatari enpresak, adibidez, eta baita oligopolio merkatuetako enpresa handiak ere, automobilenak eta garbikarienak, adibidez. Ekonomian, industria edo bigarren sektorea hiru sailetan banatzen da: lehenengo mailakoa, bigarren mailakoa eta hirugarren mailakoa.
Lehenengo mailako industria. Nekazaritza, basoak, arrantza eta meagintza dira sail honetako alorrak. Alde batean, gizonak landuz gero ugal edo hobe daitezkeen oinarrizko gaiak daude: nekazaritzan ongarriak, negutegiak, ureztatzeak…; abere hazkuntzan eta arrantzan gurutzatzeak, janari berriak, arrain haztegiak…; zuhaitzen hazkuntzan sendagaiak, mozketa neurtuak…; eta bestetik gizonak landuta ere areagotu ezin dituenak: harrobiak, meategiak, etab.
Bigarren mailako industria. Lehen mailako industriak sortutako oinarrizko gaiak kontsumo gai bihurtzen dituena; eskulangintza industria dela esaten da. Bigarren mailako industrian, industria astuna eta industria arina bereiz daitezke. Industria astunak kapital inbertsio kopuru handiak behar ditu bai tresnerian eta bai eraikuntzetan. Altzairuaren eta burdinaren industria, autoena, petrolioarena dira, besteak beste, bigarren mailako industriak. Industria arinak, berriz, kapital inbertsio txikiagoak behar ditu plantan eta tresnerian eta ekoizten dituen produktuak ez dira industria astunarenak bezalakoak, estandarrak alegia. Oihalgintza, plastikoen eskulangintza, elektrogailugintza dira besteak beste industria sail horretako jarduerak.
Hirugarren mailako industria. Zerbitzu industria ere esaten zaio, eta fisikoak ez diren produktuak ekoizten ditu. Merkatu librea eta merkatu mistoa duten ekonomietan, sektore horren jarduera gobernuak eta enpresa pribatuek gidatzen dute. Bankak, finantzek, aseguruek, salerosketek, inbertsioek, handizkako merkataritzak, garraioek, komunikabideek, turismoak, hezkuntzak, defentsak eta beste zerbitzu batzuek osatzen dute. v Industria iraultza. Nekazaritzan eta merkataritzan oinarritutako gizarte egonkor batetik industria nagusi den gizarte modernorako aldakuntza sozialei eta ekonomikoei esaten zaie. Industria iraultza hartu ohi da kapitalismoaren igoeraren oinarrizko momentutzat, teknikari dagokionez garrantzi handiko zenbait aldaketa gertatu baitzen momentu horretan. Industria iraultza esapidea Engels-ek erabili zuen lehenengo aldiz, 1845. urtean argitaratu zen Langile klasearen egoera Ingalaterran liburuan. v Historian, 1750. eta 1850. urteetan, Ingalaterran hasi eta munduko herrialde askotara zabaldu ziren aldaketa garrantzitsuez esaten da. Asmakizun eta teknologia berriek gizarte eta ekonomia egituretan oso aldaketa handiak eragin zituzten, industria produkzioa eta ekonomiaren espezializazioa handiagotu baitzituzten. Industrian izan zen eskulangile eskariaren gorakadari erantzunez, nekazaritzan lanean aritzen zen langileria hiri aldeetako industriaguneetara aldatzen hasi zen. Industria iraultzaren bilakaeran berebiziko papera jokatu zuen James Watt-ek asmatu zuen lurrun makinak (1782). Ikatza eta burdina ugari izateak ere eragin handia izan zuen, baita hasieran oihalgintzak izan zuen indarrak ere. Asmakari berriak erabiltzen zituzten fabrikak eraikitzeko, inbertsio handiak behar ziren eta lehengai mota asko; horiek lortzeko Ingalaterra, Europako mendebaleko beste zenbait herrialderen antzera, koloniek zuten aberastasuna ikusirik, bere inperioa zabaltzen saiatu zen eta horrek, ondorio gisa, bertakoen menderatzea ekarri zuen. Aurrezkiek eta inbertsioek garrantzi handia izan zuten ekonomiaren hazkuntzan. Azpiegiturak egin ziren (ubideak, errepideak…) eta azpiegitura horiek merkatu berriak zabaldu zituzten industriak ekoizturiko produktuentzat. Industria iraultzak ondorio asko eta astunak izan zituen, ez baitzen izan aurrerapen tekniko kate bat soil-soilik; iraultza sozio-ekonomikoa izan zen eta aipatu diren aurrerapenak ez ziren izan haren oinarri materiala baino. Industria iraultzak biztanleriaren hazkundearen eta bizimodu estandarraren oinarriak finkatu zituen, baina aldi berean zenbait arazoren sortzailea izan zen: zuzendaritza gestio arazoak, langileen alienazioa, lanerako baldintza txarrak, ingurumenaren kutsadura, etab. Industria iraultzaren ondoriorik nabarmenena fabrikaren hedapena izan zen, eskulanaren kaltetan. Langileen bizi baldintza txar horietan dute oinarria gizarte mugimendu askok. Iraultzaren lehendabiziko urteetan hasi zen kapitalisten eta langileen arteko borroka; borroka horren ondoriorik garrantzitsuena langileriaren interesen aldeko gisa sortu zen komunismoa izan zen. Ingalaterran hasi zen industria iraultza prozesu bera gertatu zen urte batzuk geroago eta hainbat mailatan munduko beste herrialde askotan. v Industria iraultza Euskal Herrian. XIX. mendean Europako beste herrialdeetan gertatu zen modura, Euskal Herriko industrian ere aldaketa nabarmenak izan ziren. Aldaketa horiek Bizkaian izan ziren batez ere, izan ere hangoa baitzen Euskal Herriko industriarik gehiena. XIX. mendearen bukaeran Bizkaiko meagintzak izugarrizko hedapena izan zuen; hala, 1870. urtean 300.000 tonatako ekoizpena lortu zen. Hasieran meagintza atzerritarrek eta batik bat ingelesek bultzatu zuten; Bizkaian lortzen zen mea oso kalitate onekoa eta eskurerraza zen gainera. Atzerritar enpresek lortzen zituzten irabazien parte bat bizkaitar burgesiaren eskuetan gelditu zen, haienak baitziren meategiak zeuden lurrak. Irabazi handiak egin zituzten, lan merkea eta presio fiskal ahula zirela medio: hiru edo lau bat urteko epe laburrean enpresek erraz amortizatzen zituzten inbertituriko kapitalak. Metaturiko kapitalez, bizkaitar burgesia industria iraultzaren hastapentzat hartzen den siderurgia industria berri bat sortzen hasi zen; jarduera horretan nekazaritzatik, merkataritzatik eta batik bat Kataluniatik eta Madrildik jaso zen dirutzak ere garrantzi handia izan zuen, nahiz eta euskal kapitalismoak izan zuen pisurik handiena. Bestalde, siderurgia industriaren bilakaerak erregaiaren beharra areagotu zuen. Ikatz meategi hurbilenak Asturias aldean ziren arren, Ingalaterratik ekartzen zen ikatza, kalitate hobekoa baitzen; gainera garraioaren kostua asko txikitu zen, Ingalaterra aldera burdina eramaten zuten ontziak, coke-z edo ikatzez beteak itzultzen baitziren. 1895. urtean, 14 siderurgia fabrika garrantzitsu ziren Bizkaian, eta haien artean 1902. urtean sortu zen Altos Hornos de Vizcaya ezaguna; han lortzen zen burdin barraren kostu prezioa munduko txikienetakoa zen. Siderurgiaz gainera, paperaren industriak eta ontziolek ere hedapen handia izan zuten, betiere finantza egitura sendo batean oinarrituta. Espainian sortu zen barne merkatuak ere Euskal Herrian industriak izan zuen bilakaera hura erraztu zuen.