Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ilargi

iz. Lurraren satelitea, Eguzkiak argitzen duena, gaueko argizagi nagusia. || Ilargi-jo. izond. Aldizkako zoroaldiak dituena. || Ilargi-aldarte. Ilargialdia. || Ilargi berri. Lurraren eta Eguzkiaren artean dagoelako ikusezina gertatzen dena; orobat hurrengo egunetakoa ilargi betea arte. || Ilargi bete. Aurpegia erabat argiturik agertzen duena.  v  Astr. Lurraren satelite bakarra, haren inguruan mendebaletik ekialderantz itzulika aritzen dena. 384.400 km-tako tarteak bereizten ditu elkarrengandik. Lurra baino askoz txikiagoa da (hiru aldiz txikiagoa), eta haren ekuatoreak 3.476 km inguru du. Ilargiak Eguzkiaren argia islatzen duelako distiratzen du; ez du berezko argitasunik. Bere ardatzaren inguruan jira egiten du 29 egun t´erdietan, eta denbora hori bera da Lurraren inguruko orbita egiteko behar duena. Horren ondorioz, Ilargiak beti ia alde bera erakusten dio Lurrari (egun batetik bestera pixka bat okertzen da, 6° edo 7°, gutxi gorabehera). Ilargiak Lurraren inguruan egiten duen ibilbidearen edo zikloaren hasieran Eguzkiaren eta Lurraren artean gertatzen da, gutxi gorabehera, eta Lurrari alde iluna erakusten dio (ilargi berria); bere ibilbidean aurrera egin ahala, Lurretik Ilargiaren alde argitua ikusten hasten da, gero eta gehiago, Ilargi erdia ikusi arte (ilgora); ondoren Ilargia osorik ikusten da (ilargi betea), gero txikiagoa ikusten da (ilbehera) eta gero eta txikiagoa egiten da, berriro ere ilargi berriaren aldira iritsi arte.  v  Ilargiaren gainaldea etengabe izan da astronomoen aztergai, 1609. urtean Galileok lehenengo aldiz aztertu zuenez geroztik. 1651. urtean Giovanni B. Riccoli jesuita italiarrak bere Almagestum novum liburuan Ilargiaren alde ilunaren eremuei itsaso izena eman zien (Mare Imbrium, Mare Nectaris, etab.), eta izen hori erabili da geroztik, Ilargiaren gainaldean urik ez izan arren. Ilargiaren gainaldean kraterrak ugari dira (200 km-tako eta gehiagoko diametroa dute), eta gehienak meteoritoek Ilargia jotzean sortuak direla pentsatzen da. Krater horiekin batera Ilargiaren gainaldeak beste ezaugarria du: ehunka kilometroko ildo sakonak.  v  1959an Lurretik Ilargiaren alde ilunaren lehenengo argazkia egin zuten sobietarrek; gizona 1969an iritsi zen Ilargira, uztailaren 21ean (Neil Armstrong, Edwin Aldrin eta Michael Collins Estatu Batuetako astronautak). Gaur egungo teorien arabera, Lurra hauts partikulez, meteoroidez eta asteroideen gaiez osatua dago, eta Ilargia, berriz, Lurrak bereganatu gabe inguruan utzi zituen gaiez.