Ikaro
Greziako mitologiaren arabera, Dedaloren semea. Minosek laberintoan atxilotu zuen, aitarekin batera. Pasifaek, Minosen emazteak, askatu zituen. Uhartetik ateratzeko, luma eta argizariz hego batzuk moldatu eta airetu egin ziren. Gora eta gora, ordea, eta Ikaro, aitaren aholkuei jaramon egiteke, gehiegi hurbildu zen eguzkira, eta hegoak urtu eta itsasora amildu zen. Samos uhartearen inguruko itsasalde horri Ikario deritza, Ikaroren oroimenez. Arteak askotan erabili du Ikaroren gaia.